Munduko milionario talde batek gutun ireki bat bidali die mundu osoko gobernuei zergak igo diezazkietela eskatzeko, COVID-19ak eragin duen krisi ekonomikotik irteten laguntzeko.
«Orain erabat beharrezkoa den dirua dugu guk, asko, eta datozen urteetan ere beharrezkoa izango da, gure mundua krisi honetatik suspertu ahala», diote agirian. «Gaur, guk, gutun hau sinatzen dugun milioidunok, gure gobernuei eskatzen diegu zergak handitzeko gu bezalakoei. Oraintxe bertan. Nabarmen igo ere. Eta luzarorako».
Eskutitz horretan, talde horretako kideek diote egungo krisiaren eragina hamarkadetan nabarituko dela eta beste 500 milioi pertsona sartuko direla pobreen multzoan. Diotenez, arazoa ezin da karitatearekin konpondu. «Beraz, aberastasun handien gaineko zergak etengabe handitu beharko lirateke, osasun sistemak, eskolak eta segurtasuna ordaintzen laguntzeko».
Gutuna sinatu dute Walt Disneyren oinordeko Abigail Disneyk, Black Rock inbertsio funtseko zuzendari kudeatzaile ohi Morris Pearlek eta Djaffar Shalchi enpresaburu daniar-irandarrak, besteak beste. Estatu Batuetako, Alemaniako, Frantziako, Danimarkako, Erresuma Batuko, Herbehereetako, Suediako eta Zeelanda Berriko 83 enpresari handik bat egin dute.
Forbes zerrendako inor ez
Horietako inor, baina, ez da azaltzen Forbes zerrendan. Aldizkari horrek asteartean jakitera eman duenez, martxoaren 23tik maiatzaren 22ra bitartean, munduko 25 aberatsenek dirua irabazten jarraitu dute. COVID-19ak 10 bilioi eta erdi euroko kostua izan du dagoeneko munduko ekonomiarentzat, baina haginkadak ez ditu harrapatu aberats horiek: martxoaren erdialdean baino ia 250.000 milioi euro gehiagoko irabaziak izan dituzte, Forbesek emandako datuen arabera.
Mark Zuckerberg Facebooken sortzaileak irabazi du gehien pandemiako hilabeterik gogorrenetan; zazpigarren postutik laugarrenera igaro da. Zerrenda horretako lehenengo postuan Jeff Bezos dago, Amazonen jabea: 126.500 milioi euroko ondarea du, hots, hamargarrenak —Inditexeko Amancio Ortegak— halako bi.