Ziberdelituak %22 gehitu ziren iazko lehen hiruhilekoan

Erasoak gero eta konplexuagoak direla azaldu du Ziurrek, eta adimen artifizialak izan dezakeen eraginak «kezka» sortzen duela onartu du.

Zibersegurtasuna
Informatikari bat lanean. EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko urtarrilaren 10a
13:05
Entzun

Ziberdelitu eta erasoak «nabarmen» ugaritu ziren iaz, erakunde gehienetan «kezka» sentimendua eragiteraino. Ziur Gipuzkoako Zibersergurtasun Industrialeko Zentroaren 2024ko prospektiba txostenean agertzen diren ondorioak dira horiek. Ondorioak, baina, datuetan oinarritzen dira. Izan ere, iazko lehen bederatzi hilabeteetan %31 ugaritu ziren ziberdelituak Gipuzkoan. Hego Euskal Herri osoko daturik ez dago aldi horretarako, baina bai 2023ko lehen hiru hilabeteetarako, eta joera bera da: %22 ugaritu ziren, 2022ko lehen hiruhilekoarekin alderatuz gero.

Espainiako Barne Ministerioaren datuen arabera, iazko lehen hiruhilekoan ziberdelinkuentzian oinarrituriko 7.928 arau hauste penal salatu ziren Hego Euskal Herrian, 2022ko epe berean baino 1.431 gehiago. Gehiengo handia iruzur informatikoak izan ziren: 7.024 (%88,5). Besteak mota askotariko delituak izan ziren.

Ziurrek Gipuzkoako lagin zabalagoa du, urtarriletik irailera artekoa. Tarte horretan 6.414 ziberdelitu izan ziren, 2022ko denbora tarte berean baino 2.036 gehiago.

Adimen artifizialaren eraginez 'phishing'-a eta gisako mehatxu klasikoak are sinesgarriagoak direla ohartarazi du Ziurrek.

Urtez urte handituz doan tasa bat da, besteak beste mehatxua «sofistikatzen» ari delako. Ziurrek ohartarazi du adimen artifizialak enpresen arreta piztua duela, «baina baita hackerrena ere». Alde horretatik, txostenean azaldu duenez, phising eta vishing motako ohiko mehatxuak are sinesgarriagoak izatea lortzen dute.

Adimen artifiziala, baina, ez da mehatxu bakarra, kriptografia kuantikoaren bilakaerak ere kezkatzen du Ziur. Horretarako, algoritmo berriak garatu behar dira informazio zifratuaren konfidentzialtasunari eusteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.