Ziurgabetasun ekonomikoak baldintzatuta dator aurtengo negoziazio kolektiboa

Bizkaiko eta Arabako metalgintzako negoziazioek eta luzapenean dauden itun ugariek markatuko dute lan harremanen agenda. Soldatak KPIari lotuta igotzen ari dira, eta grebek gora egin dute, nahiz eta parte hartzea apaldu den.

Bizkaiko metalgintzako sindikatuen protesta bat, azkenengo lan itunaren negoziazio aldian, 2022an. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Bizkaiko metalgintzako sindikatuen protesta bat, azkenengo lan itunaren negoziazio aldian, 2022an. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
jokin sagarzazu
2026ko apirilaren 29a
12:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Negoziazio kolektiboak urte erabakigarria izango du aurten. Langile gehien biltzen duten bi hitzarmen nagusiren negoziazioak hasi dituzte: Bizkaiko metalgintzakoa —57.000 langileri eragiten die— eta Arabako metalgintzakoa —25.000ri—. Biak iraungita daude, eta luzapenean jarraitzen dute. Sindikatuek eta patronalek osatuak dituzte mahaiak, baina nazioarteko testuinguru ekonomikoaren ondorioz industriaren sektoreak duen ziurgabetasuna eta aurreko itunen negoziazioen bilakaera ikusita, aurreikusten da oraingoak ere luzeak eta gatazkatsuak izango direla.

Metalgintzakoa ez ezik, Bizkaiko elikagaien merkataritzako hitzarmena eta zahar etxeetakoa ere luzatu egin dituzte; lehenak ia 7.500 langileri eragiten die, eta bigarrenak, 7.000ri. Horietaz gain, antzeko egoeran daude beste hainbat sektore.

LHK Lan Harremanen Kontseiluak gaur jakinarazitako datuen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileen %48,5ek —327.962 pertsonak— hitzarmena luzatuta daukate gaur egun. Guztira 858 itun daude horrela: enpresetakoak 735, eta sektoreetakoak 123. Bestalde, 21 iraungita daude (%4,4), eta horiek 29.605 langileri eragiten diete.

Egoera, baina, iazkoaren oso antzekoa da. 2025eko martxoaren amaieran, soldatapeko langileen %48k zeukaten lan hitzarmena luzaturik, eta %47,4k indarrean.

Urtea zalantza artean hasi da. Aurtengo lehen hiruhilekoan, 72 lan itun erregistratu dira Lan Harremanen Kontseiluan: 60 hitzarmen enpresetakoak dira, eta 12, berriz, sektoreetakoak; guztira 10.441 langile dauden haien babespean. Iaz epe berean adostutakoak baino hiru itun gehiago dira, baina 12.000 langile gutxiagori eragiten diete.

Soldatak KPIaren pare

Soldatak izan ohi dira negoziazio kolektiboetako auzirik zailenetakoa, eta are gehiago inflazioa handia denean. Testuinguru horretan, LHK-k azpimarratu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean dauden sektore hitzarmen gehienek aurreko urteko abenduko urte arteko KPIa dutela erreferentziatzat soldata igoerak zehazteko —%2,8 Hego Euskal Herrian—.

Hala, gogorarazi du %3,08 dela 2026rako batez besteko soldata igoera. Nolanahi ere, aldeak daude: EAEko lurraldeetan negoziatutako hitzarmenetan igoera handiagoa da (%3,2), estatu mailako eragina dutenetan baino (%2,7). Aurtengo lehen hiruhilekoan erregistratutako hitzarmenetan, berriz, soldata igoera %2,99 izan da.

79

Erregulazio espedienteak Guztira enplegua erregulatzeko 79 espediente tramitatu dira urteko lehen hiruhilekoan, aurreko urtean baino %4,9 gutxiago, baina langile gehiagori eragin diete: 1.881i (%11,6 gehiago). Espediente horietatik 47tan, enpresek arrazoi ekonomikoak argudiatu dituzte kaleratzeak egiteko, kontratuak aldi baterako eteteko edo lanaldia murrizteko. Beste hemeretzi kasutan, arrazoi teknologikoak aipatu dituzte, eta gainerako hamahiruretan halako neurriren bat hartzea ezinbestekoa zela adierazi dute.

Lan gatazkei dagokienez, nabarmen egin du gora greba kopuruak. Urtarriletik martxora, 25 deialdi egin dituzte EAEko hiru lurraldeetan, hau da, %78,6 gehiago. Baina mobilizazio horietan parte hartu duten langileen kopurua asko jaitsi da: %81,3 gutxiago izan dira, guztira 2.363 pertsona. Era berean, lanuzteak laburragoak izan dira: lan egin gabeko orduak %80,1 murriztu dira.

Beheranzko joera izan dute, halaber, Preco lan gatazken bitartekaritza zerbitzura iritsi diren kasuak: 134 izan dira lehen hiruhilekoan, iaz epe berean baino %15,9 gutxiago. Gainera, gatazka horiek langile gutxiagori eragin diete, 44.234ri (-%10,2),

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA