Zergetan eta zigorretan 600.000 eurotik gora zor duten zergapekoen zerrendak berritu dituzte Hego Euskal Herriko Ogasunek. Zordun handien zor pilatua zertxobait apaldu da joan den urtearekin alderatuta, 1.292 milioi baitziren iaz eta 1.287 milioi dira aurten. Aldiz, gora egin du zordunen kopuruak aurten ere, 29 gehiago baitira. Gipuzkoa da salbuespena, enpresa batzuek zorra ordaintzea lortu dute, eta, horri esker, zerrenda ere zertxobait txikitu da.
Araba
Arabako Ogasunak bigarren urtez 600.000 eurotik gorako zorra dutenen zerrenda argitaratu du, eta ez milioi batetik gorakoena. Aurten, bederatzi izen batu dizkie iazkoei, eta bi atera dira zerrendatik. 60 dira orotara orain, eta 168 milioi euro zor dituzte —8 milioi gehiago—.
Izenetan ez da aldaketarik, ordea: Ros Casares taldea eta haren bost enpresak dira orain ere zordun handienak. Zertxobait handitu dute zorra, gainera, 41,2 milioi euroraino —1,2 milioi gehiago—. Halaber, Arabako Ogasunari 11,9 milioi eta 1,3 milioi zor dizkiote Iraculis anaien porrot egindako enpresek, Urco Urbasa eraikuntza enpresak eta Grupo Hotelero Urvascok, hurrenez hurren.
Zerrendako goiko postuan jarraitzen dute, halaber, Macario Gonzalez Sanchez ardogintzako enpresaburuak (5,7 milioi), eta Guillermo Ignacio Asarta Eguren Vitoria etxetresnen banaketarako enpresaburuak (14,4 milioi). Eguren Vitoriak berak 12,9 milioi euro zor dizkio Arabako Ogasunari —0,3 milioi gehiago—.
Zerrendara batu direnen artean, besteak beste, honako hauek daude: Ikatz argazki denden sarea —1,7 milioi euro zor ditu—, Steel Tubular Systems SL —1,3 milioi euro— eta Disport Eki SM joan den abendura arte Gasteizko gizarte etxeak kudeatzen zituen enpresa —860.000 euro—.
Bizkaia
Bizkaiko Ogasunaren zerrendan 347 zergapeko ageri dira, iaz baino hamahiru gehiago, eta 594,9 milioi zor dituzte, ia bi gehiago. Izenei dagokienez, berriz, ez dago aldaketa handirik, Jabyer Fernandez eraikuntza sektoreko enpresaburuak eta haren enpresak jarraitzen baitute zerrendako gorengo postuan. Enpresa horien artean daude, besteak beste, Habidite —63 milioi euroko zorra—, Iurbenor —52 milioi eurokoa— eta Residere —39 milioi eurokoa—. Fernandezi berari 40,4 milioi euroko zorra leporatzen dio Bizkaiko Aldundiak.
Haren atzetik ageri da Alzola familia ere, 44,9 milioi euroko zor bateratuarekin. Beste 40 milioi euro zor ditu Versus 07 SM-k, iaz baino ia milioi bat gehiago, eta 35,5 milioi GM Fuel Tank enpresak, iaz baino 2,5 milioi gutxiago. Zerrendan ageri dira, halaber, Moldis Echarro (hogei milioi), Industrias Domesticas (18,6 milioi), Abaroa (16,3 milioi), Zorzal Siglo XXI (13,6) eta Baensa (11,2 milioi).
Zerrendan ageri diren erdiak baino gehiago higiezinen burbuilarekin hondoa jotako enpresak dira. Kiebra jo eta deseginda daude horietako batzuk. Desegiteko prozesu hori behar baino gehiago atzeratu zaie batzuei, ordea, eta interesak handitu zaizkie zorra atzerapenarekin ordaintzeagatik.
Gipuzkoa
Gipuzkoa izan da zerrenda murriztu duen bakarra. Izenei dagokienez, iaz baino bi gutxiago dira: bederatzi zergadun sartu dira zerrendan, 10,9 milioi euroko zorrarekin, eta 11 irten, 109,7 milioi zor zituztenak. Guztiek pilatutako zorra ere apaldu egin da: 2023koa baino hamasei milioi txikiagoa da, 203 milioi eurokoa. Izan ere, pisu handiko zordun batzuek zorra murriztea lortu dute.
Horien artean dago, hain justu, Lagun Artea taldea. Zumaiako enpresak (Gipuzkoa) altzairuaren sektoreko ekipo ondasunen diseinuan, eraikuntzan eta horniduran jarduten zuen, eta Bascotecniak erosi zuen lehenik, eta Sarralek gero. 2017an, ordea, konkurtsora jo zuen, eta ia sei milioi euroko zorra zuen ogasunarekin.
Halaber bere zorra ordaindu dute, besteak beste, Baltz Berrik —hiru milioi euro—, Maskota 2 SM-k —1.500.000 euro— eta Seirok 2000 SM-k —milioi bat—. Giconscerak, Fundibul Acerosek, Magic Offset Maquinaria Graficak, Amamokikinenek, Kondia M E taldeak eta Juan Manuel Torres Garciak ere kitatu dute zorra.
Bost milioi eurotan murriztu dute zorra eraikuntza sektoreko Jose Ramon eta Juan Miguel Osinaldi Etxaniz anaiek ere, baina Gipuzkoako Ogasunari diru gehien zor diotenak dira oraindik ere: 40,5 milioi euro zor dituzte biek ala biek. Zorra bakarra da, baina biak dira erantzule. Halaber, Fagor Etxetresnak kooperatiba ere zerrendako goiko postuan dago oraindik ere, 14,5 milioi euroko zorrarekin. Ramon Vizcaino zenaren bi enpresen artean ere 11,4 milioi euro zor dituzte: sei milioi Tecfrindusek, eta 5,4 Grupo Ramon Vizcainok.
Nafarroa
Nafarroako Gobernuak joan den astean argitaratu zuen berea, eta han ere handitu egin da zordun handien zerrenda, 11 izen gehiago baitaude orain —31 zergadun atera dira zerrendatik, eta 42 sartu—. Eta handitu egin da haiek pilatutako zorraren zenbatekoa ere, 320 milioi eurorena baitzen lehen, eta 322,4 milioi eurorena orain. Zerrenda horretan, dena den, 120.000 eurotik gorako zorra dutenak agertzen dira.
Izenei dagokienez, ez da aldaketa handirik, eraikuntza sektorean porrot egindako enpresek agertzen baitira lehen postuetan: Urpasa, Construcciones Flores, Nasipa, Prodinver... Zerrendan jarraitzen dute, halaber, Gabriel Urralburu Nafarroako Gobernuko lehendakari ohiak (556.000 euro), Denis Mentxovek (167.000 euro) eta Vladimir Karpets txirrindulari ohiek (514.000 euro) eta Krisztian Vadocz Osasunako jokalari ohiak (153.000 euro).