Diru politika

Zorra erosteari ekingo dio berriro Europako Banku Zentralak

Azarotik aurrera, hilero 20.000 milioi euroren aktiboak bereganatuko ditu. Bankuei gehiago kobratuko die dirua bere kutxetan gordetzeagatik.

Mario Draghi, artxiboko argazkian. RONALD WITTEK, EFE
Iker Aranburu.
2019ko irailaren 12a
07:09
Entzun

Urtarrilean eten zuen EBZk zor publikoa, pribatua eta beste finantza aktiboak erosteko APP programa, 2,65 bilioi euro jarri ondoren. Euroguneko ekonomia bere kasara hazteko gai izango zela espero zuen orduan banku zentralak, baina iragarpena ez da bete. Merkataritza gerren, brexit-aren eta zikloaren ahultzearen ondorioz, hazkundeak indarra galdu du, eta herrialde batzuk atzeraldiaren atarian daude; Alemania, esaterako.

Gauzek okerrera egin aurretik, ekonomia diru politikaren bidez sustatzeko neurriak hartu ditu gaur EBZk, Frankfurten. Neurri nagusia da berriro hasiko dela aktiboak erosten. Azaroaren 1etik aurrera, hilero 20.000 milioi euro gehiago sartuko ditu ekonomian, bonuak erosteko. Programak ez du epe jakin bat, baina badirudi luze iraungo duela. Izan ere, EBZk argitu du interes tasak igotzen hasi baino pixka bat lehenago baizik ez duela etengo duela APP programa. 

Interes tasak igotzeko eguna are gehiago atzeratu du banku zentralak. Hasiera batean espero zuen uda honetan egitea, gero epea 2020ra arte atzeratu zuen, eta gaurko agirian beste aldaera bat jarri du: "Interes tasak oraingo mailan edo beherago izango dira inflazio aurreikuspenak estuki bat egiten duenean %2tik gertu baina azpitik izateko helburuarekin, eta konbergentzia hori islatzen denean azpiko inflazioaren dinamikarekin". Euskara garbiagoan, %2ra gerturatu eta haren inguruan tarte bat egon arte, diruak merke-merke jarraituko duela.

Notizia kaskarra bankuentzat, baina hobea maileguak itzuli behar dituztenentzat.

Interes negatiboak

Gaurko bileran hartu duten beste neurri esanguratsuena da bankuei are garestiagoa izango zaiela beren dirua ez erabiltzea eta EBZn gordetzea. Azken hilabeteetan, EBZn aparkatutako diru kopuruaren %0,4 ordaindu behar izan dute, baina interes hori %0,5era handituko du banku zentralak. Duela gutxi arte, ezohiko neurria zen bankuek EBZri diruaren truke ordaindu behar izatea (interes negatiboa). Neurri horrek banku batzuei kalte handia egiten dienez, interesa ordaintzetik salbu izango dira zenbait zati.

Bankuen epe luzeko operazioak finantzatzeko beste diru enkante bat egingo du EBZk, TLTRO III izenekoa.

Draghiren hitzak

Bileraren osteko agerraldian, Mario Draghik neurriak justifikatu ditu esanez ekonomia uste baino pattalago dagoela —%1 azken urtean— eta horren ondorioz inflazioa komeni baino txikiagoa dela —%1, abuztuan—.  Aurreikuspen berrien arabera, aurten %1,2ko inflazioa izango da eurogunean, %1 2020an, eta %1,5 2021ean. Horrek esan nahi du interes tasak gutxienez beste bi urtez egon daitezkeela zeroan.

Draghik onartu du diru politika ez dela nahikoa izango euroguneko ekonomia bere egoera ahuletik ateratzeko. Horregatik, "lekua" duten herrialdeei eskatu die aurrekontu politika erabiltzeko eskaera ekonomikoa handitzeko. Dei zuzena da hori Alemaniarentzat, kontu publikoak orekatu dituelako eta zorra hogei puntu jaitsi duelako azken urteetan. Ildo horretako eskaerei oraingoz ezetz esan die Angela Merkelek. Aste honetan aurkeztutako aurrekontu proiektuan, gastu eta inbertsioak gutxi handitzen dituen aurrekontua aurkeztu du. Hori bai, Alemania eta Europa atzeraldian sartuz gero "milaka eta milaka milioi" gastatuko dituela agindu du.

 

 

 

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.