Greziak zorra birnegoziatu beharko ote duen edo ez. Zalantza da nagusi merkatuetan, eta horrek, ohi bezala, tentsioa zabaldu du gainerako herrialdeetara. Espainiako Altxorrak nolabaiteko lasaitua hartu zuen atzo. Epe luzerako bonuetan 3.500 milioi euro saltzea zuen helburu, eta lortu zuen. Hori bai, diru horren truke %5,48ko interes tasak ordaindu beharko ditu. Urtarrilean %5,6ra iritsi zen, baina ordutik ez zen hain garesti egon. Zorraren eskaera eskaintza halako bi izan dela, hori izan da daturik baikorrena Espainiarentzat, inbertsiogileen konfiantzaren erakusle.
2.652 milioi esleitu ditu hamar urterako bonuetan eta %5,48ko interes tasan. Horrez gain, 885 milioi hamahiru urterako jaulki ditu, %5,695kotasekin. Martxoan izan zen era horretako azken enkantea, eta orduan %5,162 an saldu ziren hamar urterako bonuak. Burtsek ondo hartu zuten merkatuen erabakia eta Ibex 35-ek %1,53ko igoera izan zuen.
Astelehenean gertatutakoaren ostean, garrantzitsua zen atzoko enkantea. 5.500 milioi euro jaulki nahi zituen orduan, urtebete eta urte eta erdiko letretan, baina ez zuen lortu. 4.659 milioi saltzearekin konformatu behar izan zuen, eta hori ereespero baino interes tasa handiagoan. Martxoaren 15ean egin zen aurreko enkantea, orduan %2,178an saldu ziren urtebeterako letrak, astelehenean, %2,9an. 18 hilabeterako letren truke %2,5eko interesak adostu ziren martxoan; astelehenean, %3,496koak. Hau da, hilabetean 36 milioi euroan garestitu da baldintza berdinetan egindako enkantea.
Bost urterako zorra, %11n
Espainiaren zorraren interes tasak igo egin badira, Portugalenak bere onetik atera. Bost urterako zorra %11ra iritsi zen atzo bigarren mailako merkatuan, euroa indarrean jarri zenetik mailarik altuenera. Gogoratu behar da otsailean %7an zegoela. Behin-behineko gobernuak eskatutako laguntzak ez ditu lasaitu merkatuak, eta epe luzeagoko nahiz motzagorako zorra ere oso gora iritsi da. Bi urterakoaren truke, %10,45 eskatzen dute inbertsiogileek, eta hamar urterakoaren truke %9,25.
Finantza adituen arabera, Greziaren zorrak eragin duinteresen igoera. Bien bitartean, Yorgos Papaconstantinu herrialdeko Finantza ministroak esan du Greziaren zorra bideragarria dela. Horretarako, ordea, ezinbestekotzat jo du austeritate plana betetzea. Horrez gain, 26.000 milioi euro aurreztu ahal izateko murrizketa neurrigehiago beharko direla gaineratu du.
Zorra garestiago saldu arren, arnasa pixka bat hartu du Espainiak
Hamar eta hamahiru urteko bonuetan 3.500 milioi euro saldu ditu; eskaintza halako bi izan da eskaera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu