Zorra pagatzeko kontuak

Erreskateak %90era igoko du Espainiaren zorra, eta langabezia sariak eta ministerioek baino gehiago eramango dute interesekEstatuak 375 milioi inbertituko ditu Hegoaldean, aurten baino %40 gutxiago

Iker Aranburu.
2012ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Diru gutxiago guztiarentzat, interesak ordaintzeko eta pentsioak pagatzeko izan ezik. Hitz bitan hori da Espainiako Gobernuak 2013rako aurkeztu dituen aurrekontuen mamia. Funtsezko aldaketarik gabe onartuko dituztela ohartarazi du PPk.

Aurrekontu proiektua eman zion atzo Cristobal Montoro Ogasun ministroak Jesus Posada Kongresuko presidenteari. Kontuak ostegunean baino gehiago xehetu zituen Montorok, bainabeste aukera bat galdu zuen pentsioak inflazioaren igoerara egokitu ote diren argi eta garbi esateko. «Lege bat dago indarrean, eta gobernuak bete egingo du», esan zuen atzo ere. Neurri horrek 5.000 milioi euroren kostua ekar diezaioke estatuari, BEZaren igoeraren erruz inflazioak %3,5era egin duelako. Azaroko inflazioaren datuaren arabera konpentsatu ohi dira pentsioak. Urtea amaitu bitartean beste gastu murrizketarik edo zerga igoerarik ez duela egingo agindu du Montorok: «Jada hartu ditugun neurriei eragina izaten utzi behar zaie. Defizit publikoa zuzentzeko bidean gaude». Ministroak gogoan zuen aurtengo aurrekontua aurkeztu eta hamar egunera 10.000 milioi euroren murrizketa egin zuela osasunan eta hezkuntzan, Bruselak uste zuelako gastu murrizketa ez zela nahikoa.

Inbertsioak

Mozketa handiagoa hemen

Estatuak dirua aurrezteko moduetako bat izango da inbertsioak %16,1 jaistea (aurten, %22). Murrizketa ia %40koa izango da Hego Euskal Herrian, 600 milioi euro ingurutik 375 milioira jaitsiko baita: %68,32 gutxiago inbertituko du Nafarroan (25,34 milioi), eta %32,85 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (350,36 milioi).

Kupoa

Azken kopuruak, lotzeke

Aurrekontu proiektuak dio Jaurlaritzak 812 milioi euroko kupoa pagatuko diola estatuari eta 551 milioi eurokoa Nafarroak. Berez, EAEko lurraldeek 920,79 milioi eman behar dizkiote estatuari, eta horri 39,06 milioi gehitu behar zaizkio, alkoholen, garagardoaren eta erregaien zergaren doikuntza batengatik. Estatuak, berriz, 137 milioi euro itzuli behar dizkio tabakoaren zergaren konpentsazio batengatik, eta 10,1 milioi, ertzainen aldez aurreko erretiroaren ordainketa berari dagokiolako. Kopuru horietan aldake- tak egongo dira, 2012-2016 epean kupoa kalkulatzeko sistema ez dutelako berritu.

Defizita

40.000 milioiren zuloa

Pentsioak eta zorraren interesak pagatu ahal izateko, aurten baino %5,9 gehiago gastatuko du Espainiako administrazio zentralak; 169.775 milioi euro, alegia. Diru bilketa, berriz, %4,4 da handitzekoa, 124.044 milioi eurora arte. Horrek esan nahi du 2013an ere zulo handia egingo duela, 45.000 milioi eurorena, Espainiaren barne produktu gordinaren %4,5. 2011ko defizitaren kopurua ere aldatu du Madrilek: %8,96tik %9,44ra igaro da, FROB funtsak banku nazionalizatuei emandako 15.000 milioi euroren kapitalak balioa galdu duelako. Hala ere, Ogasun Ministerioak espero du diru hori noizbait berreskuratuko duela. Operazio horiengatik eta beste batzuengatik aurten defizita ez da aurreikusitako %6,3koa izango, %7,4koa baizik. Montorok ziurtatu duenez, desbideratze horrek ez du ondoriorik Bruselak gehiegizko defizita izateagatik ireki dion prozeduran.

Zorra

900.000 milioi zorretan

Defizitari aurre egiteko zorra handitzen ari da Espainia. Datorren urtean BPGaren %90,5era iristekoa da, 900.000 milioi eurora. Horretatik, 30.000 milioi dagozkio bankuak erreskatatzeko euroguneak emango dion maileguari. Bankuak Europan gainbegiratzeko akordioa lortu arte ezingo zaie finantza erakundeei erreskatearen dirua zuzenean utzi, eta estatuaren zor gisa apuntatuko da.

Interesen ordainketa

Langabeentzat baino gehiago

Pilatutako zorraren interesen ordainketak jango ditu beste arlo gehienetan egindako aurrezkia: aurten baino %33,8 gehiago gastatuko du horretan, 38.590 milioi euro. Hau da, ministerio guztiek gastatuko duten bezainbeste,eta langabezian edo langile publikoetan gastatuko duen baino gehiago. Pentsioek soilik behar dute diru gehiago: 121.557 milioi.

Azpiegiturak

Amaitzear daudenak bukatu

Azpiegituretan iaz baino %15 gutxiago gastatuko du Sustapen Ministerioak: 9.600 milioi. Obra berrietan baino gehiago, oso aurreratuta daudenak bukatzeko gastatuko dute dirua. Abiadura handiko trenbideak jasoko du gehien; aldiriko trenetan arazo gehiago izan daitezke, Renfek %40 gutxiago jasoko baitu zerbitzu publikotzat jotzen diren trenbideak hornitzeko. Aireportuetako tasak %8 inguru igoko dira.

Langabezia

Diru gutxiago sarientzat

Ekonomiak atzeraldian jarraitu behar badu ere (-%0,5), Madrilek espero du langabezia pixka bat jaitsiko dela: 5.598.600 langabeiragarri ditu 2013aren amaierarako (%24,3), aurten baino 72.500 gutxiago (%24,6). Horientzat %6,3 gutxiago jarri du, espero baitu baldintzak gogortu ondoren gutxiagok jasoko dutela saria.

Osasuna, kultura eta hezkuntza

Guraizeak edonon

Osasun eta hezkuntza gastu gehienak erkidegoen kontu daude, baina estatuaren laguntza jasotzen duten programek mozketa handia izan dute: %28 jaitsi da osasunarena, eta %12 hezkuntzarena. Zailtasun bereziak dituzten ikasleen diru saila %68 txikitu dute. Bekak, ordea, %2,4 igoko dira. Kulturan, berriz, BEZaren igoera handiari (%8tik %21era igo da ekitaldien zerga) diru sailen txikitzea batu zaio: %22 inguruko mozketa dute arlo gehienek.

Langile publikoak

Gutxiago eta merkeago

Estatuak 475.000 langile izango ditu batez beste 2013an, aurten baino %2,2 gutxiago. Haien soldata izoztuta egongo da, eta litekeena da neurri hori inposatzea beste admnistrazioetako langileei ere. Goi kargudunen kopurua, ordea, handitu egingo da: 455 izango dira, aurten baino 19 gehiago.

Erregea eta goi kargudunak

Mozketa txikiagoa

Berriro ere, ministerioei baino gutxiago txikitu dute Errege Etxearen diru saila. 7,93 milioi jasoko ditu erregeak bere gastuetarako, aurten baino %4 gutxiago. Langile publikoen soldatak bezala, goi kargudunenak ere ez dira igoko. Mariano Raxoik 78.185 milioi euro irabaziko ditu eta 68.981 ministroek. Hortik gora geratuko dira beste epaileak: 110.000 eurotik gorako soldata dute CGPJko eta Auzitegi Konstituzionaleko kideek.

Alderdi politikoak

%41eko murrizketa

Alderdi politikoei emandako diru laguntzak %41 jaitsiko dira, 113,7 milioi eurotik 66,2 milioira. Iaz %12,1 txikitu ziren. Sindikatuentzat eta patronalarentzat ere diru gutxiago izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.