Astearteko enkantean epe motzeko zor tituluak uste baino merkeago jaulkitzea lortu eta gero, Espainiako Gobernua itxaropentsu zegoen atzoko enkantearen emaitzari buruz. 3.000 milioi biltzeko helburua zeukan, eta, azkenean, 2.981 milio lortu ditu. Guztira, zorra erosteko eskaria 6.409 milioi eurokoa izan da, jaulkitakoa baino 2,1 bider handiagoa. Proportzio hori oso txikia da, eta horrek nabarmen garestitu du enkantearen azken emaitza. Hala, 1995etik izandako interes tasa garestienean finantzatu da Espainia.
Hiru titulu mota jaulki ditu, aurreko enkanteetan baino nabarmen garestiago. Bi urteko bonuen kasuan, 1.360 milioi euro lortu ditu, %5,204an batez beste; aurreko enkantean, berriz, %4,48an finantzatu zen. Bost urteko bonuetan 1.070 milioi bildu ditu, %6,459an batez beste, eta aurrekoan %6,195ean izan zen. Azkenik, zazpi urteko obligazioetan, 548 milioi euro lortu ditu, %6,701eko interes tasan batez beste. Aurrekoan, nabarmen merkeago finantzatu zen: %4,899an. Urtea amaitzeko bost hilabete pasa falta dira, eta, Espainiako Altxorraren arabera, epe ertain eta luzeko zorraren %68 eskuratu du jada.
Enkantearen emaitzak erakusten du merkatuei bost axola diela Espainiako Kongresuan onartu berri diren murrizketak. Atzoko enkantetik harago, bigarren mailako zor merkatuetan, hamar urteko bonuen interes tasak %7tik gorako marra gainditu du. Alemaniako bund-arekin alderatuta, 580 puntuko arrisku saria izatera heldu zen. Maila arriskutsua da.
Berlinen proposamena
Espainiako zor tituluak gori-gori jartzen ari dira, eta Alemaniako Bundestag legebiltzarrak Espainiaren finantza erreskatea onartu du: 473 boto alde, 97 kontra eta 13 abstentzio. Wolfgang Schaueble Finantza ministroak azpimarratu du Espainiak finantzaketa kostuen gurpil zoroa «hausteko» laguntza behar duela. Espainiako finantza sistema onbideratzeko 100.000 milioi euroko erreskatetik Alemaniak 30.000 milioi jarriko ditu. Bankuek gehienez 65.000 milioi eurora bitarte behar dutela ondorioztatu zuten ekainean. Orain, Alemaniaren arabera, Espainiako Gobernuak gainontzeko dirua erabil dezake bere zorra erosteko merkatuetan. Schaublek gogorazi du bi urte eta erdian 65.000 milioi aurreztuko dituela Raxoiren exekutiboak, eta «bide onetik» doala uste du.
Zorraren enkantea, garestiena 1995etik
Espainiak 2.981 milioi euro lortu du zorraren enkantean, eta Bundestagek finantza erreskatea onartu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu