ZORRAREN KRISIA. ALEMANIA ETA ERRESUMA BATUA. Bihurguneetan, baina presaka

Iker Aranburu.
2010eko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Europako Batasuneko beste herrialdeei gastu murrizketaren pilula mingotsa irentsarazi ondoren, Alemaniak bere buruari aplikatu dio tratamendua. Lau urtean 80.000 milioi euro aurreztuko ditu Angela Merkelen gobernuak. Zenbaki handietan galtzen denarentzat, gastua hori baino bost aldiz gutxiago txikitzeagatik greba sorta izango du Zapaterok.

Baina ba al dago dosi horretarako arrazoirik? Printzipioz, gehiegizkoa dirudi. Berlingo agintariek aurreztu nahi duten diru horixe da, hain zuzen ere, Alemaniaren defizit publikoa. Eta gauzak ongi doazenean zero defizitaren politika justifikatzea errazagoa den bezalaxe, bihurguneetan bidetik ateratzeko arriskua badago.

Krisiari aurre egiteko hartutako neurriek handitu dituzte defizita eta zorra, baina baita zerga bilketa jaisteak ere. Gastu estra horiek noizbait eta nolabait murriztu behar dira, zorrak kostu handiak baititu. Aurten, esaterako, Jaurlaritzak 245 milioi pagatu behar ditu interesetan, kulturan baino gehixeago (236 milioi), edo euskararen sustapenean halako bi. Eta interesetan eta zorraren beraren ordainketan ezin dira murrizketak egin.

Baina gastu publikoa txikitzeak ere kostu handia du, eta ez soilik murrizketa horiek zuzenean jasaten dituztenentzat. Sektore publikoaren bultzadarik gabe, lortu duten abiadura apurra gal dezakete Europako ekonomiek, eta berriro atzeraldian erortzea ez da hipotesi urrun bat. Eurogunearen BPGa %0,2 baizik ez da hazi urteko lehen hiruhilekoan, eta Alemaniak, presaren presaz,makina geratzea erabakitzen badu, datu horiek negatiboak izan daitezke aurki.

Merkelek ez du zehaztu gastu murrizketak hazkundean izango duen eragina, baina izan izango du. Espainiako Gobernuak aitortu du gastua 15.000 milioi euro gutxitzeak bost hamarren kenduko dizkiola 2011ko hazkundeari (%1,8tik %1,3ra), eta ondorio txarrak izango dituela langabezian. Ezin besterik izan: funtzionarioak ordezkatzen ez badira, hainbat elkartek irauteko behar dituzten diru laguntza publikoak jaisten badira, eta Sustapen Ministerioak 6.400 milioi euroko mozketarekin egingo ez dituen errepideetan inor lanik egiten ez badu, miraria beharko da langabezia jaisteko.

Bizitzaren paradoxak: orain gutxi arte Nazioarteko Diru Funtsa bera aritu da ohartarazten iturri publikoa bizkorregi ixteak ondorio txarrak izan zitzakeela ekonomian, eta AEBetako Beheraldia eta Japoniaren hamarkada galdua jarri ditu horren adibide.Baina gero etorri diren Greziaren aurkako merkatuen erasoak eta herrialde hartako politika murriztaileak -eta agian beste batzuk ere- NDFk berak diseinatu ditu.

Orduan, zer bilatzen du Alemaniak? Batetik, etsenplua ematea, eta Europako bazkideei erakustea zein den bidea hurrengo aldian alemaniarren laguntza nahi badute hondamenditik ateratzeko. Kontu publikoen oreka betebehar konstituzionala da orain Alemanian, eta Nicolas Sarkozyk iragarri du Frantzian ere berdin egin nahi duela.

Beste helburu bat dirua aurreztea da. Alemaniak erakutsi nahi die merkatuei herrialde fidagarria dela, eta horri esker, interes tasa txikiagoak pagatu ahal izango ditu bere zorraren truke. Atzo %2,57ko interesa ordaintzen ari zen. Beste inork baino gutxiago, eta behera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.