ZORRAREN KRISIA. DOMINO EFEKTUA. Espainiaren zorraren kalitatea ere okertu du Standard & Poor'sek

Zorra pagatzeko gai izango dela ez du auzitan jartzen, baina ez du uste defizita %3ra jaitsiko duenik 2013an

Iker Aranburu.
2010eko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Espainiaren zor publikoaren gainean espekulatzeko atea are gehiago zabaldu zuen atzo Standard & Poor's rating agentziak, haren zorraren kalifikazio maila bat jaitsita, AA+-etik AAra. Hurrengo berrikuspenetan are gehiago jaisteko aukera badagoela ohartarazi duen arren, S&Pk nabarmendu nahi izan du Espainiaren egoera Greziarena eta Portugalena baino hobea dela, eta ez duela auzitan jartzen zorra pagatzeko gai izango denik. Kalifikazioa jaisteko argudio nagusia da defizit publikoa 2013rako BPGaren %3ra jaistea zaila izango dela, hazkundea Gobernuak dioena baino txikiagoa izango delako. Jaitsiera horrek ez dio zuzenean eragiten Hego Euskal Herriko administrazioen zorrari.

Herenegun, S&Pk Greziaren eta Portugalen zorren kalifikazioa okertu zuenean kezka handia hedatu zuen finantza merkatuetan, eta burtsek beheraka egin dute nabarmen orduz gero. Greziaren zorrari zabor-bonu kalifikazioa eman dio, eta horrekin adierazten du porrot egiteko (zorra ez ordaintzeko) aukera handiak dituela.

Portugalen ere egoera ez da batere samurra. S&Pk A+ mailatik A- mailara jaitsi zuen herrialde haren zor publikoari buruzko iritzia. Merkatuetan aspaldi ari da Portugal maila txikiagoan jokatzen, herrialde hura baita, Greziaren ondotik, zorraren truke gehien pagatu behar duen herrialdea: atzo %5,5etik gora ari zen pagatzen.

Jose Socrates lehen ministro sozialistak eta Pedro Passos Coelho PSD oposizioko alderdi nagusiko buruzagiak «eraso espekulatiboei» egotzi zieten interes tasen igoera, eta hari aurka egiteko batera lan egingo dutela agindu zuten. Horrek esan nahi du PSDkbat egingo duela gastu publikoa murrizteko eta zergak igotzeko Lisboako gobernuak iragarritako neurriekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.