Hasi besterik ez da egin. Paradigma berria kontu publikoen orekatzea da. Ahaztu hazkunde ekonomikoa, gizarte politikak eta hauteskunde promesak. Defizitak hutsean jartzeko eta zorrak arintzeko lasterketa mingarria hasi dute Europako Batasuneko estatuek. Letonian, Irlandan, Errumanian, Grezian, Portugalen... eta atzodanik, Espainian ere.
Hainbat urtez bere burua gizarte gastuaren eta eskubide berrien defendatzaile sutsu gisa azaldu ondoren, Jose Luis Rodriguez Zapaterok ere amore eman dio finantza merkatuen presioari. Anders Borg Suediako Ekonomia ministroak aipatutako «espekulatzaileen otso saldoak» Moncloako ateetara iritsi dira. Eta han geratuko dira, atezuan.
Espainiak ez du Grezia izan nahi, baina ez izateko haren neurri berdinak indarrean jarri behar izan ditu: funtzionarioen soldatak eta pentsioak jaitsi, inbertsioak atzeratu, osasun gastua gutxitu... Defizita hiru urtean %11,2tik %3ra jaisteko ez baita nahikoa ministerio batzuk kentzea edo fotokopietan aurreztea. 5.000 milioi euro -Madrilek aurten aurreztu nahi duena- diru asko da; Jaurlaritzak urtero ospitaleetan, hezkuntzan, ertzainetan, azpiegituretan edo laguntzetan gastatzen duenaren erdia da.
Eta hasiera besterik ez da. Espainiak 117.000 milioi euroko defizita izan zuen iaz, eta %3ra heltzeko, gutxi gora behera 85.000 milioi eurotan txikitu beharko du desoreka. Urtarrilean 50.000 milioi aurrezteko plana aurkeztu zuen, baina Bruselak errieta egin dio ezer gutxi zehaztu duelako. Ekonomiaren hazkundearekin eta BEZaren iragarritako igoerarekin zati bat kendu ahal izango diola espero du, baina ez da nahikoa izango. Zapaterok iradoki du errenta altuenei zergak igoko zaizkiela -egiten ez badu gainera botako zaizkio alderdikideak ere- , baina litekeena da hori ez izatea 2011ko aurrekontuetako zerga igoera bakarra. Hautagaiak? Hasi ohiko susmagarriekin: tabakoa, alkohola, erregaiak... Zerga sistema progresiboagoa? Ez askorik espero.
Ikusteke dago murrizketek Atenasko kaleetan sortu duten erantzun gogorra jasotzen ote duten Bilbon, Bartzelonan edo Madrilen. Lehen une batean, sindikatuak ez dira greba hitza aipatzera ausartu ere egin. Gainera, oso litekeena da greba eta mobilizazio jendetsuek Grezian lortu duten emaitza bera lortzea: zero. Zapatero funtzionarioen eta pentsiodunen diruak -boto emaile prestuenak- ukitzera ausartu denerako, erabakiak atzera bueltarik ez daukalako da. Herritarren haserrearen eta merkatuen presioaren artean harrapatuta, Zapaterok erabaki du errazago zaiola manifestazio batzuk jasatea eta botoak galtzea, kontrolatzerik ez dituen indarrei aurre egitea baino. Gainera, beti argudiatu ahal izango du Europako Batasuneko beste bazkideek neurriak hartzera behartu dutela. Egia baita. Asteburuan euroaren eremuko ministroek erabakitako 750.000 milioi euroko laguntza ez da doakoa. Euroguneko beste kideen salbatzaile -interesatua, noski- izateko baldintzak argi eta garbi markatu ditu Alemaniak: amaitu dira PIGS, Siesta Countries eta halakoak. Aurrerantzean, den-denek zintzo bete beharko dituzte kontu publikoak txukuntzeko arauak, bestela euroa, otsoz inguratuta, pikutara doalako. Hurrengo urratsa izan beharko luke Europako Batasunean politika ekonomikoa eta fiskala bateratzen hastea. Horretarako urratsak -gutxira arte pentsaezinak- egiten hasi da Brusela. Horrek ere luze joko du.
ZORRAREN KRISIA. ESPAINIAREN ERANTZUNA. Otsoak Moncloan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu