Senegalgo bi arrantzale hil ziren 2023ko abenduaren 22an, Ziburuko (Lapurdi) uretan, arrantza ontzi bat hondoratu eta gero. Ekainaren 12an epaitu zituzten itsasontziko kapitaina eta jabea, nahi gabeko giza hilketa delituagatik, eta Bordeleko Itsas Auzitegiak (Okzitania) atzo eman zuen epaia: zortzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio arrantza ontziko kapitainari, nahi gabeko giza hilketagatik, eta 5.000 euroko isuna ezarri dio itsasontziaren jabeari. Fiskaltzak urtebeteko kartzela zigorra eskatu zuen kapitainarentzat eta 14.000 euroko isuna ontzijabearentzat. Kapitainak helegitea aurkezteko asmoa du, Ici Pays Basque irratiak jakinarazi duenez.
Arcachongo (Okzitania) Cycnos arrantza ontzia hondartu egin zen Ziburuko portuaren aurrean, 2023ko abenduaren 22ko 02:30 aldera, Zokoko diketik gertu. Senegalgo bi arrantzale desagertu ziren: 30 urte zituen batek, 58 besteak. Kapitaina, 37 urteko gizona, erreskatatu egin zuten. Hipotermiak jota atera zuten uretatik, eta Baionako ospitalera eraman zuten.
Kapitaina, lotara
Epaiketan, kapitainak onartu zuen drogak hartu zituela eta 22:30ean lotara joan zela, pilotu automatikoa jarrita. Ziburuko portura iritsi nahi zuten, arraina enkantean saltzeko. Kapitainak Zokoko dikera iritsi aurretik gobernatu behar zuen berriro arrantza ontzia. Bi arrantzaleen esku utzi zuen itsasontzia. Epaiketan onartu zuen ez zituela bi arrantzaleen marinel ziurtagiriak egiaztatu, ez zekiela, beraz, zer nolako eskarmentua zuten itsasontziak gobernatzeko. Kapitainak ontzia marinelen esku utzi izana zuritu zuen epaiketan: «Egun luzea izan genuen, bost edo sei orduz aritu ginen arrantzan, eta hiru egun generamatzan itsasoan. Eguraldia ez zen ona».