Lan gatazka

Zortzi langile kaleratu dituzte Vulcanizados Zuloagan, ELAko afiliatuak denak

Joan den ostegunean justiziak onartu zuen enpresak langileen greba eskubidea urratu zuela. ELAk uste du sindikatuaren eta grebalarien aurkako neurria izan dela.

Vulcanizados Zuloagako grebalariak, 2021ean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
inaut matauko rada
2023ko irailaren 18a
14:54
Entzun

Vulcanizados Zuloagak enplegua aldi baterako erregulatzeko aurkeztutako espedientea atzera bota du justiziak, eta, handik ordu gutxira, enpresaren zuzendaritzak zortzi langile kaleratu ditu, ELA sindikatuak azaldutakoaren arabera. Bilboko gizarte arloko 5. epaitegiak joan den ostiralean epai hori berretsi eta «ordu gutxira» kaleratu zituzten langileak.

Sindikatuaren arabera, kaleratutako zortzi langileak ELAko afiliatuak dira, eta 2022ko martxoan akordio batekin amaitu zuten ia urtebeteko greban parte hartu zuten denek. Hala, sindikatuak uste du bere aurkako neurri bat dela langileak kaleratzea, eta langileak berehala lanera itzultzeko eskatu du.

Vulcanizados Zuloaga eta justizia

Ez da justiziak Vulcanizados Zuloagaren aurka egin duen lehen aldia. 2021ean, langileek greba hasi zuten lan ituna hobetzeko, eta ia hirurehun egun egon ziren greban. 2022ko martxoan sinatu zuten akordioa, eta handik gutxira enpresa zigortu zuten, greba eskubidea urratzeagatik. Ia 53.000 euro ordaindu behar izan zituen orduan enpresak.

Aurtengo apirilean, enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente bat planteatu zuen enpresak, eta orain justiziak berriro ere enpresaren zuzendaritzaren erabakiaren aurka egin du. Aldi baterako erregulazioaren txostena atzera botatzeaz gain, langileek epe horretan jaso ez zuten soldata jasoko dute. Epai horretan bertan, beste behin, enpresak greba eskubidea urratu zuela ebatzi du justiziak, eta 25.000 euro ordaindu behar izan ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.