Zortzi urteko etenaren ostean, Latinoamerikarekiko harremanari heldu dio EBk

Energia trantsiziorako lehengaiak bermatze aldera, Europako Batasunak abian jarri du Latinoamerikako eta Karibeko herrialdeak limurtzeko saiakera

Europako Batasuneko eta Celac-eko gobernuburuak, goi bilerako argazkirako prestatzen. JULIEN WARNAND / EFE.
Iker Aranburu.
2023ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Zortzi urtez Latinoamerikari jaramon handirik ez dio egin Europako Batasunak, eta tarte horretan beste norbait sartu zaio bere atzeko patiotzat jotzen zuen kontinentean: Txina. Asiako erraldoiak Latinoamerikan aurkitu du bere industria elikatzeko lehengaieniturri oparo bat, eta herrialde gehienen bazkide komertzial nagusi bilakatu da azken urteetan. Baina orain Europa da Latinoamerikaren beharra duena: Ukrainako gerrak erakutsi dio hornitzaileak ugaritu behar dituela, eta energia berriztagarrien aldeko apustua areagotu behar duela, eta Atlantikoaren beste aldera jarri da begira.

Zortzi urteko etena konpontzeko bilera egin dute Bruselan Europako Batasunak eta Celac Latinoamerikako eta Karibeko Estatuen Komunitateko 33 kideek. Ez zen akordio esanguratsurik espero, eta ez da halakorik izan, besteak beste Celac egitura apaleko erakunde bat delako, aterki moduko bat molde eta interes desberdineko herrialdeak batzeko.

Amerikarren atsekaberako, Ukrainak hartu du goi bileraren arretaren zati handi bat. Bruselak Celac-eko kideak erakarri nahi izan ditu Errusiaren inbasioaren aurkakoen taldera, baina erdizka baizik ez du lortu. Kide guztiek, Nikaraguak izan ezik, «kezka sakona» azaldu dute «Ukrainaren aurkako gerrarengatik». Europarren ikuspegitik hizkera epela da, ez du Errusiaren inbasioa aipatu ere egiten, baina garaipen diplomatiko gisa saldu du, hil edo biziko gaitzat duen horretan. Ordainean, hipokrisia salaketak entzun behar izan ditu, Ukrainari ematen dion garrantzia ez dielako ematen beste gatazka batzuei, eta Ukrainan bertan salatzen duen eraso inperialisten protagonista izan direlako EBko kideak beste eremu batzuetan.

«Hasiera berri bat»

Baina bileraren helburu nagusia zubiak berreraikitzea zen, «hasiera berri bat», Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentearen hitzetan. EBk erakutsi behar izan du kontuan hartzen dituela Celaceko kideen eskaerak, eta horregatik haren osteko deklarazioak lehen aldiz aipatu du Malvinei buruz subiranotasun gatazka bat dagoela, AEBen Kubaren aurkako blokeoaren amaiera eskatzen du, herri indigenen aldeko aldarria egiten du, eta esklabismoak eragindako «neurrigabeko mina» aitortzen.

Aldi berean, goi bilerak eszenatoki bat jarri die EBk Global Gateway tresnaren bitartez Celac-eko kide batzuekin egin dituen alde biko akordio batzuei. Horien artean dago Argentinan litioa eta kobrea ustiatzeko akordioa—ibilgailu elektrikoentzat beharrezko lehengaiak dira—. Alberto Fernandez Argentinako presidenteak akordioa goretsi zuen atzo, eta nabarmendu zuen lehen aldiz EBk onartu duela «estraktibismoak» amaitu egin behar duela. Hau da, Latinoamerika ez dela lehengaiak ustiatzeko leku soil bat, eta lehengai horien tratamenduaren zati bat ere han egin behar dela, balio gehigarri bat emateko gai horiei. «Bost mende daramatzagu hori eskatzen, eta, azkenean, lortu dugu».

Alde biko negoziazioetan izan da EBren eta Mercosurren arteko merkataritza ituna. Duela lau urte lotu zuten, baina EBko gobernu askoren oposizioak eta EBk ingurumenean eta lan eskubideetan egindako eskaera berriek eragotzi egin dute itun hori berrestea eta indarrean jartzea. Azken akordioa urtea amaitu aurretik itxi nahi dutela ziurtatu du Von der Leyenek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.