Ansa II.ak 26 edo tanto gutxiagotan utzi behar zuen Ezkurra II.a Kutxabank Torneoaren finalerdietako ligaxkara sailkatzeko, eta baita lortu ere. Pronostikoak hautsiz 30-20 gainditu zuen Doneztebeko aurrelaria, eta Urriza, Barrenetxea IV.arekin eta Endikarekin batera ariko da azken fasean.
Ezkurrak 27 tanto egin behar zituen sailkatzeko, baina aurkaria hobea izan zen, batez ere sakearekin. Hor egon zen partidako gakoa. Urnietarrak 13 tanto egin zituen sakez, eta doneztebearrak, lau, amaierako ia hamar tantoren aldea hain justu.
Hamahiruna markagailuan, Ansak sei tanto egin zituen ia jarraian sakearekin, eta 22-15 aurreratu zen. Ondoren, hamar tantoren aldea lortu zuen, 26-16, eta abantaila horri ongi eutsi zion amaiera arte sailkapena lortuz.
Ansa serio eta amorru biziz irten zen kantxara, bizi jo zuen pilota, eta, Ezkurrak piloteoan aurre egin arren, ezin izan zuen aurkariaren grinaren aurka. Partida polita izan zen, eta tanto ederrak ikusi ziren, buruz buruko benetan ona. Orain, Ansak Urriza izango du aurkari Kutxabank Torneoan.