Hamar karteletatik bat aukeratu dute iruindarrek sanferminen berri emateko: Iruindarren etxea afixa. Sanferminen egunerokoa islatu nahi zuen Sandra Nadal Vital artistak (Iruñea, 1990) kartelean. Lehiaketan parte hartu duen hirugarren aldia izan da. Nadal artista plastikoa da; errotulazio enpresa bateko diseinatzailea da, eta eskuz eta geldo egindako lanen alde egin du. Epaimahaiak kartelaren kalitate teknikoa nabarmendu zuen atzo: olio pinturaz egindako proposamen «xumea» eta «iradokitzailea» dela adierazi zuten. Festak gertutik bizi dituztenen ohiko eszena bat transmititzen du lanak: arropak balkoietan eta leihoetan eskegita.
Nondik sortu zitzaizun kartelaren ideia?
Urte batzuk daramatzat egunerokotasuna ardatz duen serie baterako elementuak bilatzen, gauza xumeen edertasuna islatzeko. Iaz, uztailaren 14an, amonaren etxera joan nintzen, eta, kalean nengoela, egunerokotasunaren ikuspegi horretatik leiho bat ikusi nuen, jantzi zuriak zintzilik zituela. Argazki bat atera nuen, Instagramera igo nuen, eta erantzun onak jaso nituen. Azkenean, sinpleagoak izan behar dugu, eta edertasuna eguneroko gauzetan bilatu. Sanferminak gauza asko dira, baina eguneroko elementuak ere izan daitezke.
Nola irudikatu duzu egunerokoa kartelean?
Kartelean oinarrizko bi elementu daude. Hasteko, etxea dugu gure egunerokotasunaren irudikapen gisa. Hori gurea da, jaiak bezala. Arropekin gure nortasun iruindarra adierazten dugu. Bi elementu horiekin gonbidapen bat egin nahi nuen. Arropa ateratzen dugu mundu guztia etortzera gonbidatzeko, gonbidatuta senti dadin eta etxean egongo balitz bezala senti dadin.
Zer teknika erabili duzu?
Hainbat prozesu daude: lan artistikoa, plastikoa, pintura... Adibidez, jatorrizko koadroa handiagoa da, baina gero konturatu nintzen kartel batentzat eduki gehiegi zegoela.
Noiz jakiten duzu obra amaituta dagoela?
Arazo horixe dut. Irakasle batek esan zidan: «Benetako artistak badaki beste pintzelkada batez obra hondatuko duela». Zaila izaten da puntu hori aurkitzea.
Kartelean ez dira zezenak, buruhandiak eta erraldoiak agertzen. Beste zerbait egin nahi zenuen?
Bai. Sanferminetan zezenak, erraldoiak eta buruhandiak daude, eta denok maite ditugu. Baina uste dut betikoari buelta eman behar zaiola. Marketina alde batera utzi behar dugu, jaiei buruz transmititzen den irudi hori alde batera utzi behar dugu. Batzuetan, sinpletasuna errepikapena baino askoz politagoa izan daiteke.
Nolakoak izan dira aurtengo kartelak?
Uste dut oro har maila oso altua izan dela beste urte batzuekin konparatuz. Beste urte batzuetan amorruz esan dut gutxien gustatzen zitzaiguna baztertu beharko genukeela, eta aurten, berriz, zaila zen aukeratzea. Aurten karteletan maila landuagoa izan dela uste dut.
Aurten ere adimen artifiziala debekatu dute, ezta?
Bai, eta niri bikain iruditzen zait, artisautzaren eta ikasitako teknikaren balioa gogoratzeko probestu dudalako. Zerbait azkarra nahi dugu, baina artea, eskuz egindako lana eta denbora geldoak baloratu behar dira. Hain azkar lan egiten badugu, gauza asko utziko ditugu bidean. Jaietako kultura nabarmentzeko modu polita iruditzen zait kartela, baina baita kultura artistikoa azpimarratzekoa ere.
Kartelean hori islatu nahi izan duzu, beraz?
Bai, modu sotil batean. Artisautzaren balioa, ikasitako teknika eta prozesu motelak erdigunean jarri nahi ditut. Denak ez du berehalakoa izan behar. Iruditzen zait kultura modu kolektiboan lantzea eta zaintzea badela hura zaintzeko eta babesteko modu bat.
Aurten hirugarrenez aurkeztu zara. Zure obrek garapen bat izan dutela uste duzu?
Bai. 2013an aurkeztu nintzen lehen aldiz, eta azkar egin nuen ordukoa. Hurrengoan ere nahiko azkarra izan zen dena, baina landuagoa. Baina egia da aurkeztu naizen bakoitzean lan gehiago egin dudala; prozesu motelak baloratzen ditut.
Nolakoak izan dira azken asteak, emaitza jakin gabe?
Ziurgabeak. Egunkarietako bozketak irakurtzen nituenean, ikusten zen nire kartela nahiko aurrean zihoala, balorazio onak zituela, baina nik uste nuen hori esaten zutela, agian, besteei botoa ematera animatzeko. Baina ezin zen jakin.
Nola jaso duzu berria?
Euforia handiz. Ez nekien zer pentsatu botoak emateko hamar egunetan. Astelehen eguerdian ez nekien ezer, eta uste nuen ez nuela irabaziko. Baina azkenean bai; ez daukat hitzik.
Aurtengo sanferminak bereziak izango dira zuretzat?
Bai, noski. Gure familia oso sanferminzalea da. Nire aitona kartelean agertzen den etxean bizi zen, eta munduan dagoen sanferminzaleena zen. Nire obra nire hiriko jaietako kartela izatea oso garrantzitsua da; are gehiago aitonaren etxea han agertzea. Sinestezina da. Aurten lagunei leihoak dituzten kamisetak egin beharko dizkiet!
lotsabako