Osasungintza publikoaren aldeko herri plataformak biltzen dituen OPA koordinakundeak manifestazioak egingo ditu azaroaren 11n Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Osasun sistema «pribatizatzeko» asmoen aurka eta osasun arreta «duin eta unibertsalaren» alde mobilizatzera deitu ditu herritarrak. Izan ere, taldearen ustez, mobilizazioa da «tresnarik eraginkorrena» osasun sistema publikoaren «eraistea» gelditzeko.
Osasungintza publikoaren aldeko herri plataformek topaketa egin zuten larunbatean Araian (Araba), Hego Euskal Herriko osasungintza publikoaren egoera aztertzeko eta aurrera begira egin beharreko urratsak adosteko. Osakidetzaren eta Osasunbidearen egungo egoeraz gogoetatu ostean erabaki zuten mobilizazioetara deitzea. Topaketa horretan, herri plataformek kezka agertu zuten itxaron zerrendak murrizteko Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak pazienteak sare pribatura bideratzeko hartutako erabakiekin, eta ahotsa altxatzeko garaia dela adostu zuten, «aho batez».
Eusko Jaurlaritzaren «asmo pribatizatzaileei» erreparatu zieten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herri plataformek, eta aztergai izan zuten Iñigo Urkullu lehendakariak Osakidetzako itxaron zerrendak gutxitzeko Eusko Legebiltzarreko Politika Orokorreko eztabaidan egindako iragarpena. Urkulluk adierazi zuen datozen sei hilabeteetan itxarote zerrendak laburtu nahi dituztela, eta handik egun batzuetara jakin zen ebakuntza gehiago egingo direla arratsaldez, eta jarduera asko ospitale pribatuetara bideratuko direla.
Osasun publikoaren aldeko plataformen iritziz, Eusko Jaurlaritzak «manipulazio estrategia» bat abiatu du «osasun publikoa ahultzen eta desegiten jarraitzeko». Are, salatu dutenez, osasungintza publikoaren alde gizarteko zenbait sektorek egindako eskaerei bizkarra eman die, eta sare pribatua «gizentzea» hautatu du: «Negozio biribila ateratzen zaie: itxaron zerrenden datuak klinika pribatuetara desbideratuz apaintzen dituzten bitartean, egiturazko arazoak konpondu gabe jarraitzen du».
«Manipulazioa» salatu dute
Herri plataformen ustez, itxaron zerrenden arazoa pandemiaren ondorio dela esatea «gezurra» da. Arazoa aurretik dator: «Osasun publikoaren eraistea lehenagotik dator. Sistema publikoaren eta pribatizatzeko politikaren desegite programatuaren ondorio zuzena da». Ohartarazi dutenez, herritarrak ez dira «ergelak» eta gobernuaren «manipulazioaz» ohartu dira, are murrizketen eta pribatizazioaren ondorioak euren azaletan pairatzen dituztenean. Besteak beste, aipatu dituzte itxaron zerrendak, etengabeko arretaguneen itxierak, osasun zentroetako ordutegien murrizketak, aurrez aurreko arreta lortzeko «zailtasunak», lehen mailako arretaren eta ospitaleetako larrialdien «kolapsoa».
Osasungintza publikoaren aldeko eragileen ustez, Hego Euskal Herriko bi gobernuek itxaron zerrendak murrizteko proposatutako bideak ez du arazoa konponduko, bere helburua bestelakoa delako: «Ikaragarrizko diru publikoa esku pribatuetara bideratu nahi dute». Kritikatu dute osasungintza eredu «pribatizatzaileak» gizarte arrakalan sakontzen duela, eta interes pribatuak herritarren beharren gainetik lehenesteak enpresen poltsikoak betetzeko helburua duela.
Horiek hala, kalean mobilizatzea ezinbestekoa dela uste dute. Haien ustez, Osakidetzak «%100 publikoa» behar du eta Eusko Jaurlaritzaren «manipulazio estrategiari» erantzun sozial «irmoa» eman behar zaio. Azaroaren 11rako deitutako mobilizazioen bidez aldarrikatuko dute osasun eredu publikoak «parte hartzailea» eta «gardena» ere behar duela. Era berean, eskatuko dute osasungintzan egindako «murrizketa guztiak» bertan behera uzteko eta euskal herritarren eskaerei egokitutako «egiturazko aldaketak» egiteko.
Osasuna
Azaroaren 11n osasun sistema publikoaren alde egitera deitu dute
Herri plataformek manifestazioak egingo dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak