ELAk, LABek, Steilasek, EHNEk, Hiruk eta Etxaldek bat egin dute Gure Esku-ren ekainaren 7ko mobilizazioarekin

'Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki' lelopean egingo da, Bilbon. Euskal Herriko lurraldeetan irekita dauden estatus berriei buruzko eztabaidetan herritarren aktibazioa lortzea dute xede.

Gure Esku-ren agerraldia, ekainaren 7rako deialdia egiteko. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Gure Esku-ren agerraldia, ekainaren 7rako deialdia egiteko. MARISOL RAMIREZ / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2025eko maiatzaren 20a
13:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Herri ekinaldi nazionalera deitua du Gure Esku-k ekainaren 7rako, Bilbon, Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki lelopean. Euskal Herriko sindikatu nagusiek bat egin dute mobilizazioarekin; hauek, hain zuzen: ELA, LAB, Steilas, EHNE, Hiru eta Etxalde sindikatuek.

Gure Esku-ko ordezkariak eragileekin elkartzen ari dira egunotan, eta bilera horien ostean etorri da mobilizazioarekiko atxikimendua. Estatus politikoei buruzko eztabaidak irekita daude Euskal Herrian era batera edo bestera. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan estatutu berriari buruzko eztabaidan murgilduta daude alderdiak; Nafarroan, Foru Hobekuntzaren lantaldea lanean ari da parlamentuan; eta Ipar Euskal Herrian instituzionalizazio berri baterako gogoeta irekita dago. Prozesu horietan herritarren parte hartzea sustatu nahi du Gure Esku-k: «Albiste ona da euskal lurraldeen estatusa indar politikoen agendan eta instituzioetan izatea, baina guk ulertzen dugu jendarte osoari dagokiola gai hori, denoi eragiten digulako eta eragile sozialek eta herritarrek ere ekarpen interesgarria egin dezaketelako», adierazi du Josu Etxaburu Gure Esku-ko bozeramaileak.

«Herri honetan ezer ez da lortu herritarren bultzadarik gabe»

JOSU ETXABURUGure Esku-ko eleduna

Hainbat eragilerekin egin dituzte bilerak, eta, ondorioztatu dutenez, gaur egun dauden autogobernu mailak ez dira nahikoa euskal herritarren behar eta nahiei erantzuteko: «Ezin dugu zuzenean erabaki gutxieneko soldataz edo pentsioez, ezin dugu ezarri funtzionarioen kopurua, apenas dugun eraginik nazioarteko testuinguruan... Hainbat arlotako eragileak ohartuta daude herri honek burujabetza tresna gehiago eta hobeak behar dituela. Beharra badugu, gogoa ere badugu, eta orain hori gauzatzeko garaia da», esan du Etxaburuk.

Bide horretan urratsak egiteko «herri aktibazioa» sustatu nahi du Gure Esku-k. «Herri honetan ezer ez da lortu herritarren bultzadarik gabe. Beraz, ekainaren 7an Bilbon funtsezko hitzordua dute Euskal Herria zazpi lurraldez osatutako nazioa dela pentsatzen duten guztiek, euskal herritarrok eguneroko bizimoduan eragiten diguten alderdi guztiez erabakitzeko eskubidea dugula defendatzen duten guztiek, burujabetzaz herri libreagoa, feministagoa, orekatuagoa eta justuagoa eraiki nahi duten guztiek».

Euskal kulturgintzako dozenaka eragileren atxikimendua ere jaso du mobilizazioak, eta dozenaka herri batzordetan ere lanean ari dira ekainaren 7an, Bilbon, Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki lelopean euskal herritarrak elkartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.