Espetxealdi irakunkor berrikusgarria berretsi diote Aintzane Pujana hil zuen gizonari

EAEko Auzitegi Nagusiak eutsi egin dio jatorrizko epaiak ebatzitakoari: gizonak emakume bati agindu ziola Pujana hiltzeko, baina bera ere hiltzailea dela.

Aintzane Pujanaren hilketaren epaiketa, iazko irailean, Donostian. JON URBE / FOKU
Aintzane Pujanaren hilketaren epaiketa, iazko irailean, Donostian. JON URBE / FOKU
jakes goikoetxea
2025eko maiatzaren 20a
11:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Gipuzkoako Auzitegiak espetxealdi iraunkor berrikusgarria ezarri zion gizon bati iaz, 2021eko urtarrilean Aizarnazabalen (Gipuzkoa) Aintzane Pujana hiltzeagatik. EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi egin du zigorra, eta ez ditu aintzat hartu gizonaren defentsak helegitean aurkeztutako argudioak.

Gizona hilketagatik zigortu zuten. Espetxealdi iraunkor berrikusgarria ezarri zioten. Baita sei urteko kartzela zigorra ere: bi urtekoa Pujana prostituziora bultzatzeagatik, eta lau urtekoa Pujana legez kanpo atxikitzeagatik. Zinpeko epaimahai batek ebatzi zuen akusatua erruduna zela. Emakume bat ere zigortu zuten Pujanaren hilketagatik. Hamar urteko kartzela zigorra ezarri zioten, baina aurrena zentro psikiatriko batean egonaldi bat egin beharko du, hogei urte baino gutxiagokoa, eta kartzelatik ateratakoan zaintzapean egon beharko du, tratamendu psikiatrikoa jasotzen, hamar urtean. Emakumeari inguruabar salbuesle osatugabe bat —asaldura psikikoa— eta aringarri bat —egindakoa aitortzea— aplikatu zizkioten.

«Biek zuten aginte funtzionala»

Gipuzkoako Auzitegiaren epaiaren arabera, bi zigortuak eta Aintzane Pujana Aizarnazabalgo landa turismoko etxe batean bizi ziren. Pujana prostituzioan aritzen zen, eta gizona zen haren proxeneta. 2021eko urtarrilaren 1ean, Pujanak uko egin zion lan bat egiteari. Orduan, gizonak emakumeari aurrena eskatu zion Pujana jotzeko —sudurra hautsi zion—; gero labana bat hartzeko eta labankadak emateko, Pujana konortea galduta eta lotuta zegoela.

Sententziak esan zuen emakumeak egin zituela Pujanaren heriotza eragin zuten ekintzak, baina zehaztu zuen gizonaren jokabidea ere sar zitekeela hilketaren «erantzukizunaren barruan»: «Biek zuten gertakariaren aginte funtzionala, bai egin zuenak, bai bitartekariak». Emakumeak onartu egin zuen berak egindakoa, eta baita biek parte hartu zutela ere.

Epaiak frogatutzat jo zuen emakumeak mugako nortasunaren nahasmendua duela, iraupen luzeko drogak hartzeak larriagotua, eta horrek Pujana hil zutenean nabarmen indargabetu zuela haren borondatezko gaitasuna. 

«Nahasmendu edo asaldura psikikoa»

Gizonaren defentsak helegitea aurkeztu zuen EAEko Auzitegi Nagusian. Argudiatu zuen, besteak beste, epaian ez dela agertzen emakumeak gizonari beldur gaindiezina zionik, hilketan izan zuen arduragatik salbuesteko moduan, eta, beraz, Pujana emakumeak hil zuenez, hari egotzi behar zaiola heriotza. Helegitearen beste argudioetako bat zen emakumeak egindakoa onartu zuela, erantzukizuna baztertzeko edo arintzeko.

EAEko Auzitegi Nagusiak erantzun dio bitartekari batek ekintza baten egilea erabiltzeko modu bakarra ez dela soilik hari beldur gaindiezina izatea, baita «nahasmendu edo asaldura psikikoa» izatea ere. Hala ondorioztatu zuen Gipuzkoako Auzitegiak. Nabarmendu zuen emakumeak, buruko nahasmenduen eraginez, ezin izan ziela uko egin gizonaren aginduei.

Gizonak EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiaren kontrako helegitea aurkez dezake Espainiako Auzitegi Gorenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.