«Hizkuntza eskakizunak, lanpostuaren ezaugarrien ondorio dira, erabiltzaileek behar dituzten laguntzei dagokienez». Horiek izan ziren Uliazpiko langileen ordezkariek joan den martxoan egin zituzten adierazpenak. EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuelako legez kanpokoa dela euskararen ezagutza aintzat hartzea fundazioko zenbait postu betetzeko. Zenbaitek uste dutenaren aurka, ordea, euskararen hizkuntza eskakizuna ez da gaurko kontua. Duela bi mende ere herritarrek eskubide horren alde egiten zuten.
Hala gogoratu du Aitor Pescador historialariak, Twitter sare sozialean 1830eko eta 1832ko bi testu ezagutaraziz. Lehenbizikoa Garrues herriko (Nafarroa) lan eskakizun bati dagokio. Bertan azaltzen denez, herriko apaiza lekualdatu zutenean –Asterainera (Nafarroa)– bertze apaiz baten bila hasi ziren. Hautagaietako bat ezeztatu zuten herritarrek, ez zuelako euskaraz «hitz bakar bat ere egiten». Eta hizkuntza horretan mintzo zen apaiz bakarraren alde egin zuten.
Honela dio jatorrizko testuak: «Garrueseko parrokia-etxean lanpostu bat hutsik geratu da don Javier de Illarregi bere jabearen lekualdaketagatik, Asteraineko abadia-etxera. Leihaketara eman behar da, zeinera hainbat hautagai aurkeztu behar diren. Herriko bizilagunek don Agustin de Salinas Mendilibarrikoa ezeztatu dute, ez duelako euskaraz hitz bakar bat ere egiten. Don Domingo Aldaz soilik aurkeztu da azterketara, Iruñekoa. Azterketan gainditua izan da, eta Fernando VII.a erregearengatik aurkeztua, esleitua izanik. Leihaketa, Errege Zedula, euskal hizkuntzaren gaitasunaren ziurtagiria».
Bigarren testua Egillor herrian (Nafarroa) kokatzen da. Herriko apaiza bertze herri batera lekualdatzera behartu zuten, ez zelako euskaraz mintzo. Apaizak, baina, «modu bidegabean tratatu» zutela adierazi zuen, herritarren gehiengoak gaztelania ulertzen zuela argudiatuta. Fiskaltzak erantzun zion bazirela zenbait lagun euskaraz soilik mintzo zirenak, eta apaiz horrengatik bertze herri batzuetara joateko beharra izaten zutela. Hala ere, herriko elizara itzultzeko konponbide bat eskaini zioten: urte bateko epean euskaraz ikasiz gero, berriz ere bertako apaiza izan zitekeen.

Bigarren testuak horrela dio: «Fiskal jauna don Santiago Aramendiaren aurka, Egillorreko parrokiako abade presbiteroa, zeinak zuzkitzaile jaunaren agindu bat jaso duen Zubielki herrira pasatzeko aginduz abadetza hartatik zerbitzatzeko; neurri horren arrazoia da don Santiagok euskal hizkuntza ez jakitea, Egillorreko abade izateko beharrezkoa. Aramendia modu bidegabean tratatua sentitzen da, parrokia horretan ia denek gaztelania ulertzen dutelako. Fiskalak, ordea, defendatzen du badirela zenbait pertsona euskara soilik dakitenak, zeinak behartuta ikusten diren bertze herri batzuetara joatera edo bertako apaizak deitzera. Sententziak bere parrokiara itzultzeko aukera ematen dio, etxeko hizkuntzan gaitzeko urte bat emanez».
Testuok Elizbarrutiko Artxiboak argitaratu zituen, eta haren katalogoan kontsulta daitezke. Ekaitz Santazilia hizkuntzalari eta NUPeko irakasleak azaldu duenez, Jose Luis Sales eta Isidoro Ursua izan dira katalogoaren egileak, «eta, beraz, halakoak aurkitu eta atera dituztenak». Azken urteetan, Teresa Altzugarai batu zaiela gaineratu du.
Ofizialtasuna Nafarroan
Orain dela 200 urte baino gehiago «etxekoa» zen euskara Egillorren, gaur egun eremu mistoan kokatzen den herrian. Orain dela 200 urte abadeak lekualdatzea exijitu zezaketen herritarrek bertako hizkuntzan ez mintzatzeagatik, baina gaur egun herritarren eskubideak mapa batean zehaztutako eremuen araberakoak dira. Nafarroako herritarrek, eragileek eta taldeek, baina, planto egin zuten atzo eta euskara lurralde osoan ofiziala izateko aldarriarekin bat egin zuten guztiek. Euskalgintzaren Kontseiluak hauteskundeak ate joka direla baliatu, eta alderdiei eskatu zien «ofizialtasunaren eskaria aintzat har dezaten».
Auzi horrekin lotutako ekintzak eremu «ez-euskaldunetan» abiatuko dira: lehenbizikoa bihar 12:00etan izanen da, Bardeetan. Hilaren 29an, berriz, eremu «euskalduneko» elkarretaratzea izanen dute Igantzin, 19:00etan. Eremu «mistoko» elkarretaratzea maiatzaren 6an, eguerdian, eginen dute Tafallan. Mobilizazio nagusia Iruñean izanen da maiatzaren 13an, 12:00etan.
1986an onartu zen legearengatik dago Nafarroa hiru eremutan banatuta: euskalduna, mistoa eta ez-euskalduna. Banaketa horren arabera, nafarren hizkuntza eskubideak eremuaren arabera nabarmen aldatzen dira. Hortaz, badira eremuz aldatzen saiatzen direnak. Azkeneko kasua Mañeru herriarena da: joan den otsailean eremu ez-euskaldunetik mistora pasatzen ahalegindu baziren ere, Nafarroako Parlamentuak ez zien utzi. Hala ere, herritarrek ez zuten amore eman, eta elkarretaratzeak egin zituzten. Atsekabetuta agertu ziren, eta azaldu zuten zonifikazioak ez duela «ez hanka ez bururik».