Eusko Jaurlaritzak atzera bota du Enkarterrin parke eoliko bat egiteko Euskal Haizieren proiektua

Gobernuaren iritziz, egitasmoak gehiegizko kalteak izango lituzke ingurumenarentzat. Besteak beste, esan du eremua interes berezikoa dela ugatzarentzat, sai zuriarentzat eta sai arrearentzat.

Parke eoliko bateko errotak, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Parke eoliko bateko errotak, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2025eko maiatzaren 20a
13:23
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzak atzera bota du Euskal Haizie enpresak Enkarterrin eraiki asmo zuen parke eolikoa. Gobernuak ingurumen eraginari buruzko kontrako adierazpena eman dio proiektuari, eremuko faunan eta floran sortuko lituzkeen kalteak gehiegizkoak direla iritzita.

Proiektuak aurreikusten zuen zortzi haize errota eraikitzea Sopuerta, Artzentales, Zalla, Gueñes, Muskiz eta Galdamesko lurretan. Guztira, 49,6 megawatteko potentzia. Zehazki, zentral eolikoa Mello eta Alen mendia lotzen dituen gailurrerian egitea proposatu zuen Euskal Haiziek. Horrez gain, hamazazpi kilometrotik gorako ebakuazio linea bat ere eraiki asmo zuen, Artzentales-Sopuerta transformazio estaziotik Gueñesekora; airetik, haren luzera osoan.

Egitasmoa, baina, ez da gauzatuko. Jaurlaritzak ebazpenean jaso duenez, energia azpiegitura kokatzea aurreikusten den lerrokadura ia osoa hegaztientzako interes bereziko eremu gisa dago sailkatua. Ugatzaren, sai zuriaren eta sai arrearen presentzia nabarmendu ditu gobernuak.

Sai arreari buruz, adierazpenak zehazten du instalazio eolikoa egingo litzatekeen eremuaren inguruan koloniak eta hainbat etzauntza daudela. «Zehazki, hiru umatze kolonia daude Peñalban (3-4 bikote), Jorriosen (15-18 bikote) eta Cuadron (5-11 bikote), eta habia bat Alengo meategietan eta beste bi pareko ibarbidean. Gainera, hamabi bikote inguruko kolonia bat dago Cerredo mendian, bi bikoteko beste bat La Granjan, eta bikote bat Pico de la Cruzen (Kantabria)». Gaineratu du ebakuazio lineak hartuko lukeen inguruan espezie horren habiak daudela. «Proiektuko parke eolikoaren inguruan daude Bizkaiko sai arreen habien %13,8».

Horrez gain, Jaurlaritzaren esanetan, parke eolikoak kalte egingo lieke saguzar espezie babestu batzuen babeslekuei, baita bisoi europarrarentzat interesekoak diren zenbait eremuri ere, eta galzorian dagoen Daphne cneorum landare espeziea mehatxatuko luke.

Jaurlaritzaren erabakia bat dator Bizkaiko Foru Aldundiak Enkarterriko proiektu eolikoari buruz aurkeztu zuen ingurumen txostenarekin. Azpiegiturak ingurumenean izango lukeen eragina «kritikoa» izango zela adierazi zuen Bizkaiko erakundeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.