Gaurkoan lekuko gisa hitz egin duten guardia zibilek gezurtatu egin dute bezperan hitz egindako kideek emandako bertsioa. Gaur goizean, epaiketaren bigarren egunean, deklaratzera deitutako guardia zibilei horri buruz galdetuta, indarkeria zantzurik ez zutela ikusi erantzun dute gehienek. Bizpahiru lekukok azpimarratu dute protestak «modu baketsuan» egin zirela. «Jarrera pasiboa zuten. Egun hartan, kantuan hasi ziren, irainka bezala, baina indarkeria agerikorik egin gabe. Eurei zuzenduta, jarrera pasiboa zuten», onartu du guardia zibiletako batek. «Ez dut inolako indarkeriarik ikusi», aipatu du beste batek.
Goizean, fiskalak eta akusazioak hamalau guardia zibil deitu dituzte deklaratzera, lekuko gisa. Aroztegiko obrak hasi zireneko garaian, 2021eko apirilean, Elizondoko, Urdazubiko, Mugaireko eta Etxalarko kuartelean lan egiten zuten ia denek —bideokonferentziaz deklaratu dute askok, egun Espainian ari baitira lanean—. Obrak hasi eta ondorengo hiru asteetan egin zituzten esku hartzeen inguruko zertzeladak azaldu dituzte. Atzo deklaratu zutenek esan zuten herritarrek «indarkeriaz» jardun zutela, baina gaur hitz egin dutenek ez zuten indarkeria zantzurik ikusi. «Jendea inguruan ikusi nuen, baina ez nituen makina gainean ikusi. Sabotajerik ere ez nuen ikusi».
Ikusi gehiago
Aroztegiko kasuan zazpi herritar daude auzipetuta, eta akusazioak talde kriminal antolatu bateko kide izatea leporatzen die, baita derrigortze eta bortxa delituak egin izana ere. Hori dela eta, hogei urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroren isunak galdegin dizkiete, orotara.
Gaur hitz egin duten guardia zibil gehienek onartu dute obrak geldiarazteko saioak egon zirela. Aipatu dute obrara sartzeko seinaleak eta hesiak botata egoten zirela egunero, makinak ez mugitzeko eserialdiak egiten zirela... Egun batez, norbaitek ibilgailuetako biltegiari ere kalte egin ziola aipatu dute, baina ez zutela egilea identifikatu.
Arazo horiek obran eragina izan zutela aipatu du batek: «Egunero ordu bat inguru behar zuten langileek dena ondo atontzeko berriz». Apirilaren 20 aldera obren ondoko erreka zeharkatuz jarritako tutu handi batek langileen makinak mugitzea eragotzi zuela egiaztatu zuten guardia zibilek: ezin izan zuten identifikatu nork egin zuen hori. Soilik Aroztegiko obren aurkako pankarta bat zegoela soilik onartu dute.
Guardia zibilen arabera, obrak hasi zirenetik langileen dei ugari jaso zituzten, kexuka, ez zietelako lan egiten uzten. Langile haietako batzuk «mehatxatuak» sentitu zirela ere aipatu dute, baina zehazki zer mehatxu jaso zuten galdetu dietenean, ez dute zehaztu. Soilik ez zietela lan egiten uzten, obren aurkako herritar talde bat makinen aurrean esertzen zelako, kasu. «Hondeamakinetan pankartak agertzen ziren, edo obren lekuan sartu eta makinen aurrean jartzen ziren», aipatu du guardia zibiletako batek. Zehazki zergatik kexu ziren galdetuta, zera erantzun du: «Kexu ziren ezin zutelako lanik egin. Etxera joan nahi zutelako eta noiz edo noiz ez zietelako joaten utzi. Galarazi egiten zieten lan egitea».
Irainik ez
Lekuko izandako beste guardia zibil batek esan du «langileak beldur» zirela, jendea inguruan ikusten zutelako. Erasorik jaso zuten galdetuta, esan du: «Hitzezkoak bai, fisikorik ez». Haren esanetan, «errieta egin zieten, modu txarrean, baina irainik egin gabe».
Beste guardia zibil batek aipatu duenez, herritarrek «langileak izorratu» zituzten, eta «katuaren eta saguaren» jokoan ibili ziren: «Gu agertzen ginenean desagertu egiten ziren». Beste batek esan du aurrez abisua jasotzen zutelako ihes egiten zutela. Euren aurkako irainik jaso ote zuten galdetuta, euskaraz zertxobait dakien batek onartu du ez zituztela zuzenean iraindu. Behin Pintto-Pintto kantatu zietela aipatu du eta sotilki, «hitz erdizka» esanda, haien kontrako biraotzat jo zitekeela kantua, baina bera ez zela horrela sentitu.
Gaurko saioan arazoak izan dituzte auzipetuak eta protestak egiten zireneko tokia lotzeko. Auzipetuetako bat Garbiñe Elizegi Baztango alkate ohia da, eta guardia zibilek, hura identifikatu zutela adierazi arren, ez zuten zuzenean ezagutzen, zeharka baizik. «Beste kide batek esan zidan hura alkatea zela».
Eserialdi bat egin zen egun batean, Etxalarko kuartelean zegoen guardia zibil batek hondeamakinaren aurrean ezarri zen taldeetako bateko kideak identifikatu zituen. «22 inguru ziren. Identifikatu egin nituen, eta joan egin ziren». Gaineratu du toki horretan Ahotsa.info-ko kamerak zeudela irudiak hartzen, eta guztiei ohartarazi ziela toki pribatu batean sartu zirela. «Gazteetako batek arrosa sorta bat eman zigun». Haren arabera, haiek alde eginda, handik 200 bat metrora beste talde batek eserialdia egin zuen beste hondeamakina baten aurrean, eta ez zituztela beren datuak eman nahi. Haren esanetan, antolatuak zeuden eta eserita segitzeko aginduak jaso zituzten, euskaraz. Guardia zibilak onartu du ez dakiela euskaraz, baina.
Amaieran, Elizondoko kuartelean 30 urte daramatzan guardia zibil batek bideo batean identifikatu zituen auzipetu batzuk. «Gazteak ez nituen ezagutzen, baina herriko jendearen laguntzaz ezagutu ditut». Nortzuk ziren galdetuta ez du erantzun nahi izan. Soilik esan du bere «konfiantzazko jendea» zela. Bideoa eserialdi batekoa da, baina guardia zibil horrek ez zekien noizkoa zen, ezta non grabatua zen ere.
Bigarren saioa amaituta, foruzainek deklaratuko dute bihar, eta defentsak deitutako lekuko batzuek ere bai.