Txalo artean sartu dira Aroztegiko zazpi auzipetuak epaitegira: dozenaka lagun elkartu dira eraikinaren aitzinean, Aroztegiko zazpi auzipetuen absoluzioa orain leloa idatzia zuen pankartaren gibelean. «Hau ez da gure auzia bakarrik: Euskal Herri osoan gertatzen da dinamika hau. Beraz, auzipetuei babesa adierazteaz gain, hori bera salatu nahi dugu gaur».
Iruñeko Zigor Aretoko 3. Epaitegian ari dira egiten Aroztegiko proiektuaren lanak oztopatzeagatik Baztango zazpi herritarren kontra abiatutako epaiketa. Zapi, kamiseta eta kartel horiz josi dute epaitegiaren ataria, eta gogorarazi gaur abiatu dena ez dela zazpi herritarren aurkako epaiketa bat, «herri oso baten aurkakoa baizik». Oiher Urrutiak hartu du hitza Aroztegiko Elkartasun Komitearen izenean, eta adierazi du «mesfidati» direla epaiketarekin, ez baitira «fio justiziarekin». Azken hilabeteetan, zigor eskaeren gaineko negoziazioak izan dituzte aldeek —auzipetuek, enpresak eta fiskaltzak—, baina ez dute akordiorik lortu.
Ikusi gehiago
Urrutiak ohartarazi du litekeena dela Aroztegiaren epaiketak «aurrekari arras larri bat» jartzea beste antzeko kasuendako. Hain justu ere, epaiketak dirauen bitartean, dozenaka lagun daude eraikinaren kanpoko aldean, auzipetuei elkartasuna adierazten. Gaurkoan AHT Gelditu-k, EH Bizirik-ek eta Ostiak eta Bilgune Feministak mahai ingurua egin dute epaitegiaren aitzinean. Hurrenez hurren, Gorka Ovejero, Rebeka Gonzalez de Alaiza, Jakes Bortairu eta Ekhi Petriati aritu dira solasean. Bihar, berriz, euskara eta kultur arloko zenbait kide izanen dituzte bertan.
Elkartasun keinua
Nork bere borrokaren nondik norakoak azaldu eta gero, Aroztegikoari eta halako auziei elkartasuna adieraztearen garrantzia nabarmendu dute laurek. Gonzalez de Alaizak, erraterako, lurraren defentsaren aldeko borrokak hiru oinarriren bueltan artikulatu behar direla adierazi du: krisi ekologikoaren ondorioak gero eta latzagoak direla, interes pribatuek naturan gero eta indartsuago esku hartzen dutela, eta basakeria horri guztiari aurre egiten dietenen kontrako «ofentsiba errepresiboa» gero eta larriagoa dela.

Ovejerok, berriz, kapitalismoan jarri du arreta, eta zera nabarmendu du, sistema horren etengabeko kritika egin ezean, gaur hizpide dituztenen antzeko proiektuak egonen direla aurrerantzean ere. «Horiei aurre egiteko, kapitalismoa amaiarazi behar dugu». Ildo horretan, halako proiektuetan —hala nola AHTan— langileek dituzten lan baldintza kaskarrez ohartarazi du. Gainera, salatu duenez, langileek beren bizitza arriskuan jartzen dute, eta enpresa handiek, berriz, diru anitz irabazten.
Bortairuren erranetan, Ostia kolektibokoek ekintza zuzenean jartzen dute arreta, eta «espekulatzaileak zuzenean seinalatu». Ipar Euskal Herriko eta, oro har, Frantziako egoera politikoa esplikatu eta gero, erran du badela «ekoterrorismoaz» mintzatzen denik, eta, ondorioz, kasu anitzetan epaitegietara jotzen dutela nabarmendu. Halere, adierazi du beraiek borrokan jarraituko dutela, «errepresioari aurre egiteko».
Petriatik adierazi du burujabetza feminista defendatzen dutela, eta horrek, halabeharrez, «lurrarekiko, herrien eta pertsonen arteko errespetuzko harremanak» sustatzea dakarrela. Azaldu duenez, lurraren defentsaren aldeko borroka aztertuz gero, ikusten da «sistema zisheteropatriarkal kapitalista eta kolonialista» dela nagusi, eta horrek emakumeengan eta gorputz disidenteengan eragiten duela kalte handien. Horrez gain, hiriguneetakoek lurraren defentsa elikatzeko ardura nabarmendu du, eta Aroztegiko auzipetuei babesa emateko garrantzia azpimarratu: «Herritarren desobedientzia zibil baketsua eta lurraren, naturaren eta ondarearen aldeko jarduera kriminalizatu izana adierazpen askatasunaren eta eskubide zibilen urraketa argia da. Hau herri mugimendu osoaren aurkako erasoa da».
Eguerdian akitu da solasaldia, baina ez elkartasuna: gaurko saioa akitu arte egon dira herritarrak auzipetuen zain, hiru karparen bidez inprobisatutako aterpe bat zutela euritik eta kazkabarretik babesteko lagun. 15:30ean bukatu da saioa, eta hamar minuturen buruan hasi da jendea kanpora ateratzen: Aroztegiko zazpi auzipetuak txalo artean atera dira epaitegitik.