Iragan azaroan, epaimahai batek erruduntzat jo zuen gizon bat, Santi Coca gaztea hiltzeagatik, 2019an; hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zion epaileak. Bada, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak zigorra berretsi du. Horrenbestez, Donostiako Udalak eta fiskaltzak jarritako helegiteen aurka agertu dira epaileak, eta Gipuzkoako Auzitegiak hartutako erabakia babestu dute.
Coca, 17 urtekoa, jipoitu egin zuten dantzaleku baten kanpoko aldean, Donostian, eta bi egun geroago hil zen, 2019ko apirilaren 28an. Zuhurtziagabekeria larriko giza hilketa delitua egin zuela ondorioztatu zuen epaimahaiak, eta ildo horretatik jo zuen Gipuzkoako Auzitegiak hiru urte eta erdiko zigorra ezartzerakoan.
Fiskaltzak eta herri akusazioak —Donostiako Udala—, ostera, iritzi diote ez zela zuhurtziagabekeriarik egon; eta, hortaz, «dolozko delitu» gisa epaitu behar dela. Bai fiskaltzak eta bai Donostiako Udalak espetxealdi luzeagoa eskatzen zuten Coca hiltzeagatik zigortutako gizonarentzat: hamabost urtekoa fiskaltzak eta hogei urtekoa udalak.
Zuhurtziagabekeria egon zela berretsi du EAEko Auzitegi Nagusiak; hau da, kondenatuak ez zekiela halako kolpeak emanda adingabea hilko zuenik. Are gehiago, epaimahaiak aukera hori «argi eta garbi» baztertu zuela argudiatu du epaitegiak. Gainera, azpimarratu du epaimahaikideek bi hipotesiak zituztela mahai gainean, eta dolozko hilketarena alde batera utzi zutela.
Ebazpena ez da behin betikoa, eta helegiteak aurkez daiteke Espainiako Auzitegi Gorenean.
Bi delitugile
EAEko Auzitegi Nagusian helegitea aurkeztu duena ez da Cocaren hilketagatik epaitutako eta zigortutako pertsona bakarra. Guztira sei lagun epaitu zituzten, 2019ko apirilaren 26an Donostiako dantzaleku baten kanpoaldean gertatutakoagatik, bi epaiketatan. Aurreneko epaiketan, lau lagun errugabetzat jo zituzten, eta beste bati hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak kondena berretsi dion akusatua, ostera, beste saio batean epaitu zuten. Izan ere, Cocaren hilketaren ostean Donostiatik joan zen, eta iazko otsailean atxilotu zuten, Frantzian.