Europa Ligako finalak zoramena eragingo du Bilbon, eta ez San Mamesen bakarrik. Manchester Unitedek eta Tottenhamek bihar 21:00etan jokatuko duten partidak gutxienez 50.000 lagun ekarriko ditu Bizkaiko hiriburura, eta aireportuak dira horren adierazle argiena: datozen orduetan 400 iritsiera eta irteera inguru izango dira Bilbo inguruko aireportuetan. Gehienak Loiun, baina finalak eragingo du Forondan, Hondarribian eta Santanderren ere (Espainia).
Loiun, zehazki, 160 operazio egingo dituzte hegazkin komertzialek gaur, bihar eta etzi, baina are deigarriagoa izango da jet pribatuen joan-etorria: 174 iritsiera eta irteera erregistratuko dira Bilbon. Sekula ez da hegazkin pribatuen hainbeste mugimendu izan han.

Gaur ez da horren agerikoa izango mugimendua —hemezortzi operazio izango dira—, halako hegazkinak erabiltzen dituztenek, normalean, azken orduetan egiten baitituzte bidaiak. Biharkoa izango da, beraz, egunik mugituena: 98 sartu-irten aurreikusi dituzte. Etziko, 61. Hegaldi horiek 3.000 eurotik gorako prezioa izan ohi dute.
Zale gehienak, nola ez, Erresuma Batutik iritsiko dira, eta haiek hartzeko neurri bereziak hartu dituzte erakundeek. Bilbo erdigunera joateko autobus bereziak prestatu dituzte, eta Aenak aireportuko zerbitzuak indartu ditu, informazio guneak jarriz, segurtasuna areagotuz eta garbiketarako langile gehiago kontratatuz, esaterako.
Ikastetxeak, trafikoa eta garraio publikoa
Aireportua ez da hiriak hartuko dituen milaka futbolzaleek hankaz gora jarriko duten bakarra. Zenbait ikastetxetan, adibidez, ez da edozein egun izango biharkoa. Batzuek ez dute ikasgairik emango; beste batzuek lehenago bidaliko dituzte ikasleak etxera; badira eskolaz kanpoko jarduerak bertan behar utzi dituztenak, eta autobus zerbitzuak aurreratu dituztenak auto pilaketak saihesteko...
Unitedek eta Tottenhamek euren zaleak biltzeko espazio bana dute hirian —klub horiek kudeatzen dutena—, baina zaleentzako gune nagusia Areatzan dago, Arriaga antzokiaren inguruan. Manchesterren jarraitzaileak Etxebarria parkean bilduko dira bihar, eta handik egingo dute San Mameserainoko kalejira. Tottenhamenak, berriz, Ametzola parkean elkartuko dira.

Horrek, noski, kaleak ixtera behartuko du Polizia. San Mames inguruko eremuak —Basurtu, Indautxu eta Olabeaga— trafikoari itxita egongo dira maiatzaren 21eko 00:00etatik hurrengo eguneko 05:00etara. Sabino Arana etorbidea eta inguruko kaleak erabat itxita egongo dira. Areatzan eta Arriaga plazan, gaur eta bihar jendetza handia egongo denez, oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioa mugatuta egongo da. Euskalduna zubian ere zirkulazioa etengo da 14:00etatik biharamuneko 02:00etara.
Ikusi gehiago
Metroak eta trenak maizago ibiliko dira, eta zerbitzua 03:00etaraino luzatuko da. Hala ere, San Mameseko geltokia itxita egongo da maiatzaren 21eko 15:00etatik 22ko goizaldeko 06:00etara. Bilbobus eta Bizkaibus lineetako ibilbideak ere aldatuko dira. A-8 autobidearen irteera 17:30ean itxiko dute.
Festa motza
Partida amaitutakoan, zale asko fan zone-etara itzuliko dira, eta bertatik hartuko dituzte gauean bertan aireportuetara eramango dituzten autobusak: Manchesterrekoak Santanderrera, eta Londreskoak Gasteizera.
Parrandan geratuko direnei ez die baimen berezirik eman Bilboko Udalak. Ordutegia ohikoa izango da: tabernak 01:30ak eta 02:30ak artean itxi beharko dituzte, eta diskotekak, 04:30ean. Egun berezietan bi ordu gehiagoko baimena izan ohi dute azken horiek, 06:30ak arte, baina oraingoan ez da hala izango. Hala ere, aurreikustekoa da negozio ederra egingo dutela.