Nafarroako 21 udalerri tentsio handiko eremu izendatu ditu Nafarroako Gobernuak

Herritarren ia %70 bizi dira udalerri horietan. Besteak beste, Iruñea, Tutera eta Burlata daude zerrendan.

Etxe bat salgai Iruñeko Parte Zaharrean, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Etxe bat salgai Iruñeko Parte Zaharrean, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
aitor biain
2025eko maiatzaren 19a
13:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Tentsio handiko eremu dira gaurdanik Iruñea, Tutera, Eguesibar, Burlata, Barañain, Zizur Nagusia, Lizarra eta Nafarroako beste hamalau udalerri. Nafarroako Gobernuak gaur onartu du lurraldeko 21 udalerrien izendapena jasotzen duen agindua, eta, beraz, udalerri horietan aurrerantzean neurriak hartu ahal izango dituzte, besteak beste, etxebizitzen alokairuaren prezioa kontrolatzeko, etxe hutsak merkaturatzeko eta turismo jarduerak mugatzeko.

Joan den azaroan abiatu zuen prozesua Nafarroako Gobernuak, eta gaur egin du izendapena ofizialki. Hiru urteko indarraldia izango du, 2028ko uztailera arte, eta tarte horretan lortutako emaitzen arabera erabakiko dute epea luzatu edo ez. Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako sailburu Begoña Alfarok eman du izendapenaren berri, Elga Molina Nafarroako Gobernuko Etxebizitza zuzendari nagusiarekin batera egindako agerraldian, eta adierazi du izendapenak aukera emango duela «etxebizitzaren merkatua arintzeko eta eskuragarri dauden etxeen eskaintza eskasari erantzuna emateko».

Erabakiak bai baitu garrantzirik; ez alferrik, Nafarroako biztanleen ia %70 bizi dira tentsio handiko eremu izendatu dituzten 21 udalerri horietan. Honako hauek dira udalerriak zehazki: Iruñea, Tutera, Eguesibar, Burlata, Barañain, Zizur Nagusia, Lizarra, Aranguren, Berriozar, Tafalla, Antsoain, Atarrabia, Corella, Noain Elortzibar, Cintruenigo, Baztan, Altsasu, Uharte, Berriobeiti, San Adrian eta Azkoien.

«Helburua zera da, administrazio gisa eskura ditugun tresna guztiak erabiltzea etxebizitza eskuratzea eskuragarriagoa izan dadin, etxebizitzaren arazoa agenda politikoaren eta sozialaren lehen postuan baitago», adierazi du Alfarok.

Horietako bat da, hain zuzen ere, alokairuko prezioei muga jartzeko aukera. Alfarok aditzera eman duenez, uztailetik aurrera aplikatu ahalko da neurria, izendapena Espainiako Gobernuak onartu behar baitu lehenik eta aldizkari ofizialean argitaratu ondoren. «Eremu higiezinen alokairu kontratu berriei aplikatuko zaie muga hori, baldin eta azken bost urteetan errentamendu kontraturik izan ez badute», azaldu du.

Etxejabe handien erregistroa osatzea da izendapenak udalei emango dien beste eskumenetako bat. Aginduak jasotzen duenez, «jabe handia» izango da hamar etxebizitza edo gehiagoren edo 15.000 metro koadroko azalera duen eremu baten titularra den pertsona fisikoa edo juridikoa, edo bost etxebizitza edo gehiagoren jabea dena. «Operadore pribatuek de facto jardutea eta arautzea ez da posible, horietako batzuek praktika espekulatiboak dituzte eta; hortik dator adierazpen hau eta horren ondoriozko neurrien plana», adierazi du Alfarok.

Edonola ere, planak guztira lau jarduera lerro ditu, eskaintzari, eskariari, zeharkako neurriei eta gobernantzaren eremuari lotutakoak.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.