Miren Amuriza.
BIRA

Opariak

2017ko abenduaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gauzak esatea da opariak egitea: zorionak, eskerrik asko, zurekin akordatu nintzen... Gerta liteke hurrekoren batentzako egina dirudien gauzatxoren bat aurkitzea ustekabean, edo alderantziz, norbaitekin detaileren bat eduki gura eta bila hasi beharra. Burua askorik nekatu gabe egiten diren opariak izaten dira batzuk, seriekoak: belarritakoak, karterak, bufandak... Beren-beregi prestatutakoak besteak, originalak: norberak eskuz eginikoak, enkarguzkoak... Edota erdibidekoak: erregalatu Oparibox bat (zirkuitu bat spa batean, hegaldi bat parapentean...) eta denok kontentu.

Ordea, gerta liteke esanahirik bako opariren bat egin beharra (hain laguna ez duzunen baten Lagun Ezkutua izatea tokatzen zaizunean, adibidez) eta Sheldon Cooper The Big Bang Theory telesaileko protagonistarekin akordatzea; bizilagunari, Gabonetan opari bat egitearren, agiraka egin zioneko hartaz: «eskuzabala izaten ari zarela uste duzu, baina ez didazu opari bat eman, obligazio bat baizik. Orain zurearen balio bereko bat itzuli beharko dizut, laguntasun maila bera adierazten duena».

Eta egin zenezake abenduko espiral kontsumistaren irakurketa kritiko bat. Egin zenezake baina egun, aste, hiruhilabete luzea izan da, nekatuta zaude... Eta belarritako pare bat ez, bi erosi azkenean (lagun ezkutuarena eta auto-oparia). Trankil, digerituko dituzu kontraesanok ere arrain zoparekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.