1990a edo izango zen. Ez nintzen inoren ordezkari joan, norbaiten ordezko baizik. Ekitaldi bat zen Tarazonan (Zaragoza) eta Gasteizko Udalaren ordezkaritza bat bertaratu zen bi hiriak senideturik zeudelako, San Prudentzio, Armentian jaio eta Tarazonako Gotzain izatera heldu baitzen. (Grazia egiten dit gogoratzeak nire Ford Fiesta gorrian bakarrik joan nintzela ni, iluntzean Gaztelun bertso saioa neukalako).
Ekitaldi ponpoxoa zen. Udaletxea. Banderak. Alfonbrak. Traje eta soinekodun jendea erabat. Ekitaldia hasi zain, Gasteiztik joandako kuadrillan —Jose Angel Cuerda alkatea eta beste bi-hiru lagun— gazteleraz ari ginen, ni nintzen euskaraz zekien bakarra eta. Iritsi ziren besteak, Tarazonako Udalekoak eta Aragoiko Gobernukoak. Diosalen garaian apartatzera egin nuen nik, han ez bainintzen inor. Nire harridurarako, gizon handikote, nagusi samar, trajedun bat niregana zuzendu zen bostekoa luzatuz, euskaraz eta hika. «Bertsolaria haiz hi! Noiz erakutsi behar diek hire lagun horiei euskaraz?». Baiezko doi-doia egin nion buruaz. Jo eta ma nengoen. «Usurbildarra nauk ni!», bota zidan, harro. Aragoiko Gobernuko Kultura Zuzendaria zela esan zidan. Euskaltzaindikoa. Eta bazituela konde eta markes titulu bana ere. «Gutxi iruditzen al zaik?».
Zuek asmatu nor zen. Bestalde, gaur Inozente eguna ere bada...