andoni egana

Oker

2025eko maiatzaren 21a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Maiatzaren 21a. Egun handia guretzat umetan. Santa Marina kaleko jaiak herrian. Eta jaien egitarauaren barne, umeentzako korrika lasterketa. Sariak ere ugari izaten ziren, eta herriko haurrik gehienok parte hartzen genuen. Eta, gainera, urtean behingo kirol oinetako berriak —beti marka berekoak, oinpeko babesik gabeak eta zikin-estaliak ahal zela— santamarinetarako ekartzen zizkigun amak. Guk, lasterka hobeto egiteko ekartzen zizkigula sinesten genuen…

Interes tipoek behera egin dute; hiriguneetan ezin izango da auto kutsatzailez sartu; babes ofizialeko etxebizitzak egiten ari dira halako lekutan; energia berriztatzaileen aldeko hautua egin du halako gobernuk; apartamentu turistikoak erregulatzeko legea onartu dute halako herritan; errenta handienei zergak bat-batean izugarri igotzea onartu dute legebiltzarrean; Vatikanoak hitzeman du Elizaren baitan gertaturiko sexu abusuen ikerketa sakona jarriko duela abian…

Gisa horretako berriak, ez nahi beste aldiz, baina irakurri ahal izan ditugu tarteka. Poztu egiten gara, jakina. Baina sarri lelo hutsak ote garen ere etortzen zait burura. Santamarinetako kirol oinetako berrien arrazoia guk korrika bizkorrago egitea zela sinesten genuen umetan. Gerora jakin genuen amaren kalkuluak oso bestelakoak zirela. Udaldia zetorrelako erosten zizkigun. Botereek ere halatsu jokatzen dute…

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.