gaizka izagirre
'Ekografiak'

‘Desagertuta’: itzalak eta argiak

2025eko maiatzaren 21a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Primeran-ek astelehenean estreinatu zituen Desagertuta telesailaren euskarazko bertsioaren lehen bi atalak; euskarazko bertsioa esan dut bai, izan ere, euskaraz eta gaztelaniaz grabatu dute aldi berean —alegia sekuentzia bakoitza bi bertsiotan—; erronka handia zalantza izpirik gabe. Netflixen gaztelaniazko bertsioa gaur bertan estreinatuko dute.

Horren harira, telesailean ageri den Ane Rot aktoreak esandakoak datozkit burura: «Euskaraz gozoagoa naiz. Saiatuta ere, hotzago ateratzen zitzaizkidan hitzak gaztelaniaz». Lastima Desagertuta soilik euskaraz grabatu ez izana eta, nazioarteko ekoizpen askok beren jatorrizko hizkuntzarekin egiten duten moduan, Netflixen euskaraz ez eskaintzea.

Jon Agirre gaztearen desagerpenari buruzko telesaila da. Ingurukoak haren bila dabiltzan bitartean, Jonen iraganeko pasarte ilunak ezagutuko ditugu apurka. Atal bakoitzak pertsonaia baten izena darama, eta pertsonaia horrek Jon protagonistarekin duen harremana jasotzen du.

Generoari dagokionez, agerikoa da thriller bat dela, baina, tonuari erreparatuz gero, sentipena dut belaunaldi gazteak dituela jomugan; sare sozialak, guraso eta seme-alaben artekoak, harreman toxikoak... guztiak dira garai honetako hauskortasun emozionalaren eta identitate bilaketaren isla. Euskal Herrian girotua egoteak nortasun geruza bat eransten dio kontakizunari, eta musikak —Tatxers, Dupla, Verde Prato, Bengo...— ukitu freskoa gehitu.

Thriller nordiko zein ingeles iturrietatik edaten du, bai, baina edate hori ez da beti edukiaren sakontasunetik etortzen, formaren inertziatik baizik; askotan klixeen eta topikoen labirintoan barrena galtzen da. Gainera, generoak berez eskatzen duen gordintasuna, iluntasun narratiboa eta tentsio formala ez dira apenas ageri. Thrillerra izateko, zuriegia da.

Bisualki nahiko indartsua da, egikera onekoa, eta gidoiak, aurreikus daitezkeen egoerak dituen arren, ongi funtzionatzen du. Tamalez narrazioaren sinesgarritasuna urratzen duten elementuak ageri dira: elkarrizketa eta ekintza artifizial samarrak, edota gehiegi azpimarratzen diren une oso esplikatiboak, esaterako; horiek irudimenerako espazioa murrizten dute, eta dena murtxikatua ematen zaio ikusleari.

Itzalak eta argiak ditu, baina poztekoa da euskarazko telesail berri bat dugulako geure artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.