Bilboko Lumbreras galeriak «maitasunez egindako» erakusketa baten bidez gogoratu du Koldobika Jauregi

Iazko ekainean hil zen artista, eta haren 30 pieza baino gehiago biltzen ditu zabaldu berri duten erakusketak. Margolanak ez ezik, eskulturak ere topatuko ditu bisitariak.

Koldobika Jauregi artistaren 'Seigarren desagertzea I' artelana. JUAN MANUEL LUMBRERAS
Koldobika Jauregi artistaren 'Seigarren desagertzea I' artelana. JUAN MANUEL LUMBRERAS
Inigo Astiz
Bilbo
2025eko maiatzaren 21a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Isiltasuna. Izen hori duen artelanaren bidez abiatu du Bilboko Juan Manuel Lumbreras galeriak Koldobika Jauregi artistaren (Alkiza, Gipuzkoa, 1959-2024) omenez egindako erakusketa, eta, hain zuzen ere, isiltasun moduko bat lortzea izan dute buruan. «Erakusketa intimo bat egin nahi genuen», azaldu du Juan Manuel Lumbreras galeristak. «Isiltasunari eta espiritualtasunari eutsi nahi genien». Elena Cajaraville artista eta Jauregiren bikotekidearen laguntza izan dute bilduma osatzeko, eta 30 artelan baino gehiago bildu dituzte guztira. Urdin biziz margotutako koadro gutxi batzuk gorabehera, tonu apalekoak dira gehienak, eta giro barnerakoi bat ematen dio horrek aretoari. «Itxoin, itxoin». Une batez bere azalpenak eten, eta aretoaren erdialdetik galeriaren sarrerarainoko bidea egin du Lumbrerasek isilean, ia argi guztiak itzali eta aretoa ilunantzean utzi ostean berriz ere jarraitzeko. «Orain eguna da, baina gauez etorriz gero, eta argi horiek itzaliz gero, horrela, isilik, hutsik dagoen eliza batera sartu zarela dirudi». Ekainaren 13ra arte egongo da zabalik.

Iazko ekainaren 16an hil zen artista, 64 urte zituela, eta, horregatik, omenaldi moduko bat ere bada erakusketa. «Laguntasunak sortutako erakusketa bat da hau, maitasunez egindakoa», azaldu du Lumbrerasek. Izan ere, Jauregi gertuko izan dute Juan Manuel Lumbreras galerian. 1998an egin zioten lehen erakusketa, eta geroztik beste bospasei egin dituzte artistaren lanekin. Bilboko Nazioarteko Grabatu Azokara artista bakar baten lanak eramateko ohitura du galeriak, eta 2022an Jauregiren margolanak eraman zituztela gogoratu du galeristak.

Jauregiren lanen inguruan egindako lehen erakusketa hartakoa da galeria atarian egon ohi den zaldi eskultura ere. Zurezkoa da, eta erabat figuratiboa. Gorputza zeharo bihurrituta du, eta aurreko hanketako baten gainean dago zutik. Burua atzerantz biratuta dauka, eta ez dago argi ostikada eman aurreko unea irudikatzen ote duen, edo erortzen ari den. Urteak daramatza eskulturak galeriaren sarreran, eta haren ikur ere bilakatu da honezkero. «Puppy-ren ondoren, hau izango da Bilbon argazki gehien atera dizkioten bigarren eskultura publikoa. Hamaika haur igo dira haren bizkarrera», esan du Lumbrerasek, irribarrez.

«Isiltasunari eta espiritualtasunari eutsi, eta erakusketa intimo bat eskaini nahi genion Koldobika Jauregiri»

JUAN MANUEL LUMBRERASGalerista

2006an, 20018an, 2020an eta 2023an sortutako lanak bildu dituzte aretoan. Zura, altzairua, kolore itzaliak eta tartean behingo detaile urrekarak topatuko ditu bisitariak margolanetan. Abstraktuak dira gehien-gehienak, baina, irudi geometrikoez gainera, idazkeraren itxura duten ikurrak ere badituzte haietako askok. «Oso gizon jantzia zen», azaldu du galeristak, «eta barne bizitza sakona zuen. Denbora luzea eman zuen Japonian, eta Zen filosofiarekin lotuta daude hemengo elementu asko. Indar handia dute haren egurrezko eskulturek, eta gutxi dira egurrezko eskulturei hark bezainbesteko indarra ematen dioten artistak, baina baditu margolan oso sentiberak ere».

Etxeak eta zeruertzak

Zaldiaz gainera, beste hiru eskultura multzo ere ikus daitezke erakusketan. Erretaula izenekoa da handiena, areto erdialdean. Altzairuz egindako Etxea izeneko saileko lau pieza ere badaude, eta, azkenik, zeruertzari erreferentzia egiten dioten eskulturek ixten dute ibilbidea. Leundutako zurez egindako eskulturak dira azken horiek, kolore beltz apalekoak. Horizontalean jarritako ohol leundu batek irudikatzen du aldiro ortzi muga. Etxe moduko batzuen gainean dago ohol hori batzuetan, edota animalia moduko baten gainean.

«Oso harrera beroa izaten ari gara», onartu du Lumbrerasek. «Koldobikaren ehunka lagun pasatu dira jadanik hemendik».

(ID_17477480171555) Bilboko Juan Manuel Lumbreras galeriak Koldobika Jauregi artista
Bilboko Juan Manuel Lumbreras galeriak Koldobika Jauregi artistaren omenez egindako erakusketaren irudi bat. JUAN MANUEL LUMBRERAS

1970eko hamarkadan hasi zen Jauregi artelanak sortzen, eta gaur egun hamaika museotan zein herritan topa daitezke haren lanak. 2007an, atzera begirako zabala egin zion Bilboko Guggenheim museoak ere. Eta, 2012an, Ur Mara izeneko museoa zabaldu zuen Alkizan, Elena Cajaraville bikotekide eta artistarekin batera.

Ikusgai ez ezik, salgai ere badaude Lumbreras galeriako erakusketako artelan gehienak, eta 2.500 euroren truke eskuratu daitezke haietako batzuk.

Jauregiren lanak ez ezik, Pablo Zabala artistaren artelanak ere ikus daitezke orain galerian. Beheko solairuan jarri dituzte haren margolanak, eta itsasoaren koloreak eta itsaspeko argi jolasak dakartzate gogora. Goialdeko urdin argitik koadroaren behealdean nagusi den urdin ilunerako trantsizioa egiten du koadroetako batek, esaterako, eta berde argitik hondoko berde ilunagorakoa beste batek. Olatuen leherketa irudikatzen dute beste irudi batzuek, eta bada oihal zati zuriak agerian dituenik ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.