'Expotronik euskal kontua'
Lekua: Gasteiz, Bilbo eta Donostia. Noiz arte: urtarrilaren 7ra arte.
Urtarrilaren 5ean Euskal kontua izenburuarekin aurkeztu zuten Expotronik makina ibiltariaren lehen erakusketa. Expotronik Iñaki Larrinbe artista gasteiztarraren sorkuntza da, eta aurretik artista berak Artiumen aurkeztutako Feria erakusketan ikusteko aukera izan genuen. Hitz gutxitan, gaur egun edozein izkinatan aurki ditzakegun edari edo janariak erosteko aukera ematen duten makinen antzekoa da, baina kasu honetan artelanak erosteko sortua. Museoaren berotasuna atzean utzirik, bere ibilbide propioa hasi du makinak, eta bere izaera atzean utzi gabe Gasteizko Dendaraba (abenduaren 15 arte), Bilboko Zubiarte (abenduak 16- abenduak 26) eta Donostiako Arco Amara (abenduak 27-urtarrilak 7) merkataritza guneetan egongo da artelanak saltzeko prest.
Makina ibiltari horren izaera berezia da. Egitura bera artelantzat jotzen da, eta, aldi berean, beste artelanak zabaltzeko arte espazioen funtzioak betetzen ditu. Honako honetan, Euskal Herriko 20 artistaren lanak saltzen ditu, guztiak Rollo Vasco / Euskal Kontua izenburupean bilduak. Gune komertzial horietako edozein ibiltarik izango du aukera artista euskaldun garaikide baten lan original bat etxera eramateko: aukeratu, 60 euro ordaindu, eta produktua etxera eraman.
Printzipioz, gune horietan bere giroan aurkitzen den makina eta proiektuari ez zaio kritika eta ironiarik falta, eta haren benetako izaera begi bistakoa da; are gehiago, artista bakoitzari 125 euroan erosi zaion artelana 60 euroan saltzen dela jakin ondoren. Aldi berean artelan eta arte espazioen funtzioak betetzen dituen makinak artistaren eta artelanaren inguruan eraikitako merkatuaren kontrako kritika bat gordetzen du, horretan galeriek, komisarioek, bildumazaleek eta instituzioek azken urteetako artearen banalizazio mugimenduan eduki duten erantzukizuna azaleratuz.
Horrek guztiak arte garaikidearen merkatuaren inguruko gogoeta egitera garamatza, hainbat aldiz hitz egin, eztabaidatu, kritikatu eta goraipatu den merkatua. Nola ezartzen da artelan baten balioa? Artelanak, artistak edo hura ordezkatzen duen galeriak ezartzen du? Merkatuaren barruan kokaturiko artista baten balioa ezartzen duten parametroak ez dira artistikoak. Bera ordezkatzen duen galeriak duen ospeak eta horrek mugitzen dituen bildumazale sareak duen indarrak ematen dio balioa. Galeria horrek komunikabideetan, kritikarien artean eta museo eta instituzioetan dituen kontaktuek bere lana bermatzen dute, eta, era berean, bildumazaleak egin duen inbertsioa babesten dute. Gainera, artistaren lana bilduma publiko batean badago hobe, artistaren balioa handitzen baitu horrek. Hori dela eta, kasu askotan, galeriaren interesa ez da artistaren lana bilduma pribatu batean ezartzea —inork ikusiko ez duen tokian—, bildumazale pribatu batek lana erosiz gero, denbora batean instituzio edo museo batean lagatzeko hitzarmenak sinatzea baizik. AEBetan, adibidez, bildumazale pribatu batek artelana bilduma publiko bati lagatzen badio, onura fiskalak izango ditu. Hori dela-eta dago hain garatua han artearen inguruko bildumazaletasuna.
Atlantikoa zeharkatu gabe agian artearen merkatuan izan den manipulazio kasurik nabariena aurki dezakegu: Saatchi publizista eta Young British Artist taldearen artean emandakoa.Chris Ofili, Sarah Lucas, Jake eta Dinos Chapman, Tracey Emin, Liam Gillick, Tacita Dean eta Damien Hirst-ek, besteak beste, utzitako eraikuntzetan talde erakusketak egiten ziharduten Charles Saacthi publizistak haien lanekin negozio borobila egitea erabaki zuen arte. Komunikazio eta publizitate kanpaina baten ondoren, artista horiek britainiar arte garaikidearen izar berri gisa saldu zituen, aldez aurretik haien lana erosi ondoren. Horrela, alde bakoitzak bere nahia lortu zuen: artistak famatu egin ziren, eta haien lanaren balioa ikaragarri igo zen. Publizista, berriz, lanekin aberastu zen.
Ezbairik gabe multzo horretako artistarik famatuena Hirst da. Nork ez du formolean gordetako marrazoaren artelana ezagutzen? Zertan datza artelan horren balio artistikoa? Galdera horri erantzutea oso zaila da, artearen munduan mugitzen den jendeak ez baitaki zehazki galderaren erantzuna. Gaur egun, artearen eta negozioaren arteko mugak ez daude argi, eta balio ekonomikoa eta artistikoa geroz eta gehiago nahasten dira. Logika enpresarialari jarraituz, gaur egungo artista askorentzat ezarritako morala edo legea haustea eta iskanbila piztea da arrakastarako biderik laburrena. Eta hor komunikabideen garrantzia azpimarragarria da. Nork ez du ezagutzen Eugenio Merinok Arco ferian Coca-Cola makina barruan izozturik aurkeztu zuen Francoren eskultura?
Artea. Kritika. Arte mota
Kontu zaharrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu