Komunikabideak

'Ahotsa.info'-ko kamerari bati isuna jarri dio Espainiako Gobernu Ordezkaritzak

Adierazpen eta informazio askatasunaren aurkako erasoa dela salatu du herri komunikabideak. 2014ko otsailaren 12an ustelkeria salatzeko elkarretaratze bat antolatu izana egotzi diote, nahiz eta lanean ari den. Bideoan, 2014ko atsailaren 12ko elkarretaratzea. (Ahotsa.info). [youtube]https://youtu.be/cD_XWuQAbj8[/youtube]

joxerra senar
2016ko ekainaren 24a
10:03
Entzun

2014ko otsailaren 12an ustelkeria salatzeko eta hauteskundeak exijitzeko bat-batean sare sozial bidez elkarretaratzea deitu zen, eta Iñigo Orduña Ahotsa.info-ko kameraria Nafarroako Parlamentu aurrera zuzendu zen haren berri ematera. Aste batzuk beranduago Espainiako Poliziaren salaketa jaso zuen, eta 540 euroko isuna jarri diote.

Txosten polizialean Orduñaren bi argazki agertzen dira kamara sorbaldan duela, eta Espainiako Gobernu ordezkaritzak kontzentrazio horren bultzatzaile izatea leporatzen dio. Helegitea jarri arren, 540 euro kendu dizkiote.

Ahotsa.info-k salatu duenez, Mozal Legea onartu baino lehenagokoa da isuna, baina berdin-berdin "Alderdi Popularraren indar zentsuratzaileari erantzuten dio". Bere lana egiten zuen kamerari bati isuna jarrita, informazio askatasuna murriztu nahi dela ohartarazi du. "Hau da isun honi aurkitzen diogun azalpen bakarra, pertsona hau asko ezaguna baita polizia agenteen artean. Ez da kasu isolatu bat, antzeko kasuak ezagutzen baititugu, non kazetari grafikoek isunak edo mehatxuak jaso dituzten euren lana burutzen zuten bitartean".

Horren aurrean, kendutako dirua itzultzeko eskatu dute, eta aldi berean elkartasuna adierazi diote Ahotsa.info-ko lankideari. Era berean, gainerako kazetariei ere erasoa salatzeko dei egin diote. Herritarrei uztailaren 1ean 19:00etan Espainiako Gobernu ordezkaritzan egingo den elkarretaratzea joateko dei egin diete. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.