Politikariak ez ezik, gizarte zibileko hainbat kide ere elkartu dira gaur Baionan, Koldobika Jauregi artistaren Arbolaren egia eskultura inauguratzeko.
Baionako Udalak eskatuta egin du lana Jauregik, eta Baionan jarri dute, unibertsitatearen aurrean, Roland Barthes zelaigunean. Jauregik berak esan du baduela arrazoi bat han jartzeak: "Belaunaldi berriek iraganaz irakasgaiak atera ditzaten eta geroan aizkora berriro altxa ez dadin".
Ostiralean eta larunbatean bake foroa egin ostean, ekitaldi horiei amaiera emateko egin dute eskulturaren inaugurazioa. Beraz, foroan parte hartu duen jende asko elkartu da Baionan. Jean-Rene Etxegarai alkatea, Harold Good irlandar elizgizona, Mixel Berhokoirigoin bakegilea eta Anaiz Funosas Bake Bideko kidea bertan ziren, besteak beste. Haiek ez ezik, Baionan izan dira Arnaldo Otegi eta Harkaitz Rodriguez Sortuko zuzendaritzako kideak, Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidea eta Pello Urizar EAkoa, besteak beste.
Etxegaraik esan du "bakearen, batasunaren eta adiskidetzearen" apologia gisara ulertu behar dela eskultura. Goodek, berriz, "oraindik sufritzen ari direnak" izan ditu gogoan.
Ekitaldia hasi aurretik, protesta egin dute hainbat lagunek, "lotsa" jartzen zuen aterkiekin. Etxegaraik eta Jauregik, baina, eskultura "biktima guztien oroimenean" egindakoa dela azpimarratu dute. Eta Berhokoirigoinek azpimarratu du biktima guztiei entzun behar zaiela.