Urriaren 15ean hasiko da Cabacas auziaren ahozko epaiketa, eta azaroaren 9ra arte iraungo du. Ertzaintzak jaurtikitako gomazko pilota batek buruan jo zuen Iñigo Cabacas 2012ko apirilaren 5ean, Athleticen garaipena ospatzen ari zela, eta zauri larriak eragin zizkion. Bost egun geroago hil zen. Auziaren instrukzioa luzea, korapilatsua eta oztopoz beterikoa izan zen, eta, azkenik, Ana Torres Bilboko auzitegiko epaileak epaiketa egiteko tramiteak hasi zituen iazko apirilean, hilketa gertatu eta bost urtera.
Cabacas Lizeranzu sendiaren abokatuek launa urteko espetxe zigorra eskatu zuten, iazko otsailean, polizia operatiboaren nolabaiteko ardura izan zuten auzipetutako hiru ertzainentzat —bat operatiboaren arduraduna zen, lekuan bertan, eta beste biek furgoneta banaren ardura zuten—. Egun batzuen ondoren, operatibo berean tiro egin izana onartu zuten hiru ertzain ere auzipetzea erabaki zuen epaitegiak, eta ontzat man zuen erabakia Cabacas Lizeranzu familiak.
Fiskalak, berriz, ez du delitu zantzurik ikusten auziaren instrukzio fasean egin den ikerketan. Absoluzioa eskatu du auzipetuentzat, "deliturik gabe delitugilerik ere ez" dagoela argudiatuta.
Iñigo Cabacasen hilketarekin lotutako lehenengo epaiketa Ugarteko ezizenez ezagututako ertzainburuak Garaegunkariaren, haren zuzendari Iñaki Sotoren, Naiz.eus atariaren, Iñaki Iriondo kazetariaren eta Jone Goirizelaia abokatuaren kontra aurkeztutako salaketaren gainekoa izan zen. Bere "ohorea eta intimitatea urratzea" egotzi zien Ugartekokauzipetuei, eta 250.000 euro eskatu zizkien kalte-ordainetan. Epaileak, ordea, errugabe jo zituen.
"Berri ona" familiarentzat
Epaiketa hasteko data jarri izana baloratu du Cabacas-Lizeranzu sendiaren abokatu Jone Gorizelaiak. "Berri ona da, azkenik ahozko epaiketa zabalduko da, froga guztiak aurkeztuko ditugulako eta Iñigorentzat eta bere familiarentzat justizia izango delako".