Euskarazko .eus domeinuak beste urrats bat eman du Interneten euskara sustatzeko helburuarekin: mezu elektronikoetarako posta zerbitzu bat sortu du. Ni.eus da zerbitzuaren izena, eta helburua dute milaka norbanako eta entitatek sortzea kontu bat posta zerbitzu horrekin.
Puntueus fundazioak azaldu duenez, erabiltzaile ugariren eskaria izan da .eus domeinua zuen posta elektronikoa sortzea. Helburu horri erantzuteko sortu dute ni.eus, Guebs enpresarekin lankidetzan.
Bi bertsio ditu posta zerbitzuak. Bat, doakoa: norberak hauta dezakeen izenarekin sortzen du posta kontua (adibidez: [email protected]). Ordainpeko aukera ere badago, domeinua pertsonalizatzeko modua jartzen duena (adibidez: [email protected]).
Nabarmendu dute «pribatutasuna» izango duela bereizgarri ni.eus-ek: «Iragarkirik ez, tracking-ik ez, eta komunikazio zifratuak. Ez du inolako iragarkirik erakusten, eta erabiltzaileen erabileraren inolako jarraipenik egiten ere». Sakelako telefonoan edo ordenagailuan erabil daiteke, eta zerbitzu osagarriak ere baditu: egutegia, helbide liburua eta birbideratzeak, besteak beste.