1.012 polizia ibiliko dira gaur eta bihar Ipar Euskal Herrian, «legez kanpoko immigrazioa» zaintzen

Akitania Berria eskualdeko hamahiru prefetak bildu dira Hendaiako atxikitze zentroan gaur, mugako polizien zerbitzuaren lanak ikusteko. Seigarren aldia da halako operazio bat egiten dutena joan den urtetik.

Pirinio Atlantikoetako departamenduko eta Akitania Berria eskualdeko prefetak, Alexandre Cotto mugako polizia zerbitzuburuari so. BERRIA
Pirinio Atlantikoetako departamenduko eta Akitania Berria eskualdeko prefetak, Alexandre Cotto mugako polizia zerbitzuburuari so. BERRIA
Leire Casamajou Elkegarai
HENDAIA
2026ko maiatzaren 6a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur eta bihar, Ipar eta Hego Euskal Herriko mugan, 1.012 polizia «legez kanpoko immigrazioa» zaintzen ibiliko dira: 302 polizia nazional, 604 jendarme, 92 aduanako agente eta Vigipirate planeko 14 militar. «2025etik geroz egiten dugun operazio mota bat da, eta seigarrena da honako hau: 132 kontrolgunetan izanen dira agenteak. Azken bost operazioen bitartez, 35.000 bat pertsona kontrolatu ahal izan ditugu, eta horietarik 551 legez kanpoko egoeran ziren», azaldu du Etienne Guyot Akitania Berria eskualdeko prefetak.

Hain zuzen ere, Pirinio Atlantikoetako departamenduko Jean Marie Girier prefetaren gomitari baikorki erantzunik, Hendaiako (Lapurdi) atxikitze zentrora hurbildu da Guyot ere, eskualdeko beste hamabi prefetak bezalaxe. Elkarrekin bilkura bat egin ondotik agertu dira denak prentsaren aitzinera: legez kanpoko immigrazioaren kontrako operazioak aurkeztu dituzte eskualdeko eta Pirinio Atlantikoetako departamenduko prefetek, Alexandre Cotto Hendaiako mugako polizien zerbitzuburuarekin batera.

«Bi bidetarik egiten dugu aitzina», gehitu du Guyotek: «Legez kanpoko immigrazioaren kontrako borroka eta legezko egoeran diren atzerritarren integrazioa». Bi helburu horiez mintzatzeko egin omen dute bilkura orokorra goizean, baina «legez kanpoko immigrazioari aurre egiteko operazioez» baizik ez dira mintzatu prentsari. Dispositiboak ongi deskribatu, eta demostrazioak egin dituzte. Telebista batean erakutsi dituzte haien dronetarik batek zuzenean hartutako irudiak: agertu dira «pasabide nagusiak», Santiago zubia, Etorbideko zubia, Topoa, tren geltokia eta Biriatuko ordainlekua.

Autobusetako operazioak

2025. urteko bilana egiteko baliatu dute gaur operazioen aurkezpena. Denera, 11 operazio egin zituzten, 426 eremu zainduko harrapatze, horietarik 266 Pirinio Atlantikoetan: %35 mugan berean gertatu ziren, eta %65 barnealdean. Orokorrean, azaldu dute «legez kanpoko egoeran diren pertsona gehien autobusetan harrapatzen» dituztela, %41 2025eko mugako harrapatzeetan.

Halere, azaldu dute paperik gabeko atzerritarren joan-etorriak gutitu direla azken urtean, «%50 inguru». Haatik, mugako kontrolek neurri berean segitzen dute, Jean Marie Girier departamenduko prefetak baieztatu duenez. Hego Euskal Herriari dagokionez, erran dute Espainiako Gobernuak kontrolak areagotu dituela mugan, presidenteak 500.000 migratzaileren erregularizazioa iragarri duenetik joan-etorriak ugaritu omen baitira iparraldetik hegoaldeari buruz.

Iazko lehen lau hilabeteen denboran, «60 atzerritar berriz bidali zituzten Frantziara legez kanpo izateagatik», Girierek erran duenez; aurtengo lehen lau hilabeteetan, berriz, «500 izan dira; horrek erakusten du Espainiako autoritateak arazoaz berriz jabetu direla».

Mugako harrapatzeak zer irizpideren arabera egiten dituzten galdeturik, Cotto mugako polizia zerbitzuburuak nahasirik erantzun du: «Eskura ditugun elementuekin... adibidez, bero egiten badu baina neguko beroki bat eramaten badute autoan direnek...». Girier heldu zaio salbatzera, begitartearen araberako harrapatzeak egiten dituztela erratea saihestu nahian ibiliko balira bezala: «Normalean autoetako matrikulak segitzen ditugu, edo auto baten mugimendu errepikakorrez ohartzen bagara, adibidez...».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE