politika

1.040na urteko kartzela zigorra ipini diete Portu, Sarasola eta San Sebastiani Barajasko atentatuagatik

ETAk egin zuen Madrilgo aireportuko erasoa bonba-furgoneta lehertuta, 2006ko abenduan, eta bi zibil hil zituen. Su-etean zen erakunde armatua. Portuk eta Sarasolak salatu zuten atxiloaldian torturatu egin zituztela guardia zibilek.

2010eko maiatzaren 21a
15:08
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalak 1.040na urteko espetxe zigorra ipini die gaur Igor Portu, Mattin Sarasola eta Mikel San Sebastiani, 2006ko abenduaren 30ean Madrilgo Barajasko aireportuan izandako atentatuaren egiletzat jota.

ETAk hartu zuen bere gain erasoa. Bonba-furgoneta lehertu zuen eta bi zibil hil zituen. Erakunde armatuak su-etenean zela egin zuen atentatua.

Auzitegiak 48 "hilketa terrorista saio" egin izana ere egotzi die hiru haiei, eta bi hildakoen senideei 1,2 milioi euroko kalte-ordaina ematera behartu ditu.

Epaiketan -joan den maiatzaren 3an hasi zen-, Daniel Campos fiskalak 1.120na urteko kartzela zigorra eskatu zuen Portu, Sarasola eta San Sebastianentzat -hasieran 900nakoa galdegin zuen-. Lesakakoak dira hirurak.

2008ko urtarrilaren 6an atxilotu zituen Guardia Zibilak Portu eta Sarasola, eta aurrena 17 ordura tortura zantzu nabarmenekin Donostiako Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitatera eraman zuten. Saihets bat hautsia, birika zulatua, pleura isuria eta gorputz osoa ubeldua eta puztua bazuen ere, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak ukatu egin zuen torturatua izan zela.

Inkomunikazio aldia amaitzean, torturatuak izan zirela salatu zuten Portuk eta Sarasolak, eta Donostiako Fiskaltzak sinesgarritasuna eman zien salaketei; otsailean, bi lesakarrak torturatu izana egotzi zien lau guardia zibili.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.