11 pertsona artatu zituzten atzo arratsaldean Vianako udal kiroldegian (Nafarroa), kloro gasezko hodei batek eragindako kalteengatik. Kaltetuetatik hiru haurrak dira.
Sei pertsona ospitalera eraman zituzten: hiru haurrak eta heldu bat, Logroñoko (Espainia) San Pedro ospitalera; beste bat, Calahorrako (Espainia) ospitalera; eta seigarrena, Lizarrako (Nafarroa) Garcia Orcoyen ospitalera. Erietxeratutako hiru helduek «pronostiko arina» dutela jakinarazi dute.
Adingabeak, bestetik, Iruñeko ospitale batera eraman zituzten gero, eta, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, haietako biri alta eman diete. Bestea ZIU zainketa intentsiboko unitatetik atera da jada, baina ospitalean dago oraindik.
Larrialdi zerbitzuek 17:41ean jaso zuten gertaeraren abisua. Bizi euskarri aurreratuko bi anbulantzia eta oinarrizko bizi euskarriko lau anbulantzia bertaratu ziren; baita Vianako eta Los Arcosko talde medikuak eta Lodosako eta Logroñoko suhiltzaileak ere.