11 urteko kartzela zigorra ezarri diote gizon bati, neska adingabe bat bortxatzeagatik

Gizonak sexu erasoak egin zizkion neskak 10 urte zituenetik 15 urte izan arte, Bilbon. Adingabea gizonaren bikotekidearen alaba zen.

Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguneko mobilizazioa, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguneko mobilizazioa, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
jakes goikoetxea
2025eko uztailaren 15a
16:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak 11 urteko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati, bere bikotekidearen alaba adingabeari sexu eraso jarraituak egiteagatik: gizonak 2008an hasi zituen sexu erasoak, neskak 10 urte zituenean, eta 2013ra arte egin zizkion. Sententziaren arabera, gizona bere nagusitasunaz baliatu zen neska bortxatzeko. Adingabea etxetik joan zen 2021ean, eta gizonaren kontrako salaketa jarri zuen 2022an.

Auzitegiak balioa eman dio neskaren lekukotzari. Nabarmendu du barne koherentzia duela eta ez duela kontraesan garrantzitsurik. Kontatutakoaren funtsa ez du aldatu salaketa jarri zuenetik epaiketa egin arte: «Haren lekukotza argia eta zehatza da, anbiguotasunik eta kontraesanik gabea». Auzitegiak baztertu egin du neskaren lekukotza akusatuaren kontrako erresuminean, mendekuan edo etsaitasunean oinarritzea.

Lekukoek eta perituek akusatuaren jokabidea «objektiboki berretsi dute», eta defentsaren lekukoek eta perituek ez dituzte auzitan jarri. 

Zigortuak 35.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio neskari. Ezingo du neskarengandik 500 metrora baino gutxiagora hurbildu hamabi urtean, ezta harekin harremanetan jarri ere. Kartzelatik ateratakoan zaintzapean egon beharko du hamar urtean, eta sexu heziketako programetan parte hartu beharko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.