Iruzurra Gipuzkoako Ogasunean. Irungo bulegoko auzia

11 urteko zigorra jarri diote Bravori Irungo Ogasuneko iruzurragatik

Epaimahaiak frogatutzat eman du Bravok ez dituela Ogasunera itzuli poltsikoratutako 1,9 milioi euroak, hark esandakoa ezeztatutaCobos emazte ohia hiru urtera zigortu dute, eta Atristrain bazkidea absolbitu egin dute

jokin sagarzazu
Donostia
2012ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak 11 urteko espetxe zigorra jarri dio Jose Maria Bravo Gipuzkoako Ogasuneko Irungo bulegoko zuzendari ohiari, eta hiru urtekoa haren emazte ohi Rosa Cobosi. Hirugarren auzipetua, Pedro Atristrain Bravoren bazkidea, absolbitu egin dute. Iñaki Subijana Probintzia Auzitegiko presidentea buru izan duen epaimahaiaren arabera, 1990eko hamarkadan Gipuzkoako Ogasuneko Irungo bulegoan izandako iruzurraren erantzulea da Bravo. Epaimahaiak frogatutzat eman du Bravok, Irungo bulegoan zuen karguaz baliatuta, 1,9 milioi euro poltsikoratu zituela, eta diru hori haren emazte izandako Cobosen laguntzarekin zuritu zuela.

Epaimahaiak, beraz, hauxe leporatu dio Irungo Ogasuneko bulegoko zuzendari ohiari: diru publikoa bidegabe erabiltzea, dirua zuritzea eta ondasunez jabetzea. Horrenbestez, 11 urteko espetxe zigorra, hamasei urtez edozein lanpostu publikotan aritzeko debekua eta bederatzi urtez zerga arloan aritzeko debeku berezia ezarri dio. Era berean, Bravok bi milioi euroko isuna ordaindu beharko du, dirua zuritzeagatik; beste 3.600 eurokoa, ondasunez jabetzeagatik,eta poltsikoratutako 1,9 milioi euroak gehi interesak itzuli egin beharko dizkio Gipuzkoako Ogasunari.

Cobosi, berriz, hiru urte eta lau hilabeteko zigorra ezarri dio epaimahaiak, dirua zuritzea eta ondasunez jabetzea egotzita. Lehen delitu horrengatik bi milioi euroko isuna ordaindu beharko du, eta 2.520 eurokoa bigarrenagatik. Bai Cobosi bai Bravori ondasunetan dituzten 1,6na milioi euro kendu egingo dizkiete, halaber. Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren erabakiaren aurka helegitea jar dezakete biek, Espainiako Auzitegi Gorenean.

Apiriletik maiatzera arte egindako hamasei auzi saioen ostean, epaimahaiak bere egin du Javier Larraia fiskalak eta akusazio partikularrak — Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiek— aurkeztutako tesia. Biek eskatutako espetxe zigorrak, baina, gutxitu egin ditu. Fiskalak 24 urtekoa eskatu zuen, eta akusazio partikularrak, 27koa.

Epaimahaiak frogatutzat eman du Bravok, Irungo bulegoko zuzendaria izan zen urteetan (1989-2003), Gipuzkoako Ogasunarekin zorrak zituzten herritarrei diru kopuru bat eskatzen ziela, zor hori kitatu, gutxitu edo ordaintzeko gai ez zirela argudiatzeko. Hori eginez, 1,9 milioi euro eskuratu zituen, eta Gipuzkoako Ogasuna 8,1 milioi euro jaso gabe geratu zen.

Epaimahaiak dioenez, poltsikoratutako dirua eskudirutanedo txekeen bidez jasotzen zuen Bravok, eta bi eratara zuritzen zuen. Cobosekin partekatzen zituen diru kontuen bidez edo hainbat enpresa edo higiezinen bidez. Enpresa eta higiezin horietako batzuk beste auzi batean ikertzen ari dira — auzi horretan Bravoren anaia Victor Bravo EAJko senatari ohia dago inputatuta—.

Epaiketan Bravok argudiatu zuen Irungo bulegoko zuzendari zenean diru kopuru handiak eskuratu zituela, diru beltzean, beste negozio batzuetan jasotako komisioetatik, higiezinen negozioetan bereziki. Azaldu zuen diru hori Ogasunaren aurrean «deigarria izan ez zedin» zergadunek ematen zizkioten txekeak baliatzen zituela eta, ondoren, zergadunek Ogasunarekin zuten zorra bere diruarekin ordaintzen zuela. Hori hala, poltsikoratutako dirua Ogasunaren kontuetan dagoela adierazi zuen Bravok.

Epaimahaiak, baina, erabat desmuntatu du Bravoren tesia. 300 orriko epai batean, epaimahaiak urte horietan Bravokegindako ehunka operazioren xehetasunak jaso ditu, eta perituen txosten batean oinarrituta, agerian utzi du Irungo bulegoko zuzendari ohiak ustez itzuli zuen dirua ez dagoela Gipuzkoako Ogasunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.