Daniel Campos Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak Igor Portu, Mattin Sarasola eta Mikel San Sebastian Madrilgo Barajasko T4ko atentatuaren ustezko egileen aurkako kartzela zigor eskaera handitu egin du gaur: 900na urteko espetxe zigor eskaeratik 1.120 urtera, zaurituak 52 lagun izan zirelako eta ez, orain arte pentsatzen zuen bezala, 41.
2006ko abenduaren 30ean egin zuen ETAk atentatua, bonba-furgoneta lehertuta, eta bi zibil hil zituen: Carlos Alonso Palate eta Diego Armando Estacio. 2006ko martxoan emandako su-etenean zela egin zuen erasoa erakunde armatuak.
Astelehenean hasi zen epaiketa, Madrilen, eta baliteke bihar bukatzea. Akusatuek herenegun uko egin zioten deklaratzeari, Auzitegi Nazionalaren izaera ez dutelako aitortzen; besteak beste, torturak ahalbidetzen dituelakoan.
Bortzirietako hainbat kargu publikok eta herritarrek oroitarazi dute Guardia Zibilak Portu eta Sarasola torturatu egin zituztela atxiloaldian -2008ko urtarrilean-, eta torturari "aski da" esateko ordua dela aldarrikatu dute. Epaiketaren aurkako mobilizazioak ari dira egiten aste honetan Lesakan, Portu, Sarasola eta San Sebastianen herrian; gaur elkarretaratzea egingo dute 19:00etan eta larunbatean manifestazioa 20:00etan.
Guardia Zibilak 2008ko urtarrilaren 6an atxilotu eta 17 ordura tortura zantzu nabarmenekin eraman zuten Portu Donostiako Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitatera. Saihets bat hautsia, birika zulatua, pleura isuria eta gorputz osoa ubeldua eta puztua bazuen ere, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak ukatu egin zuen torturatua izan zela.
Inkomunikazio aldia amaitzean, torturatuak izan zirela salatu zuten Portuk eta Sarasolak, eta Donostiako Fiskaltzak sinesgarritasuna eman zien salaketei; otsailean, bi lesakarrak torturatu izana egotzi zien lau guardia zibili.
politika
1.120na urteko kartzela zigor eskaera Portu, Sarasola eta San Sebastianen kontra
Fiskalak igo egin du Barajasko atentatuaren ustezko egileen aurkako zigor eskaera, 2006ko erasoak zaurituak 52 lagun izan zirelako eta ez 41.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu