Indarkeria matxistak 118 emakume eta 12 ume hil ditu 2003ko urtarrilaren 1etik orain arte. Etenik ez duen bortxa da: batez beste, 65 egunean behin hiltzen du gizon batek emakume bat Euskal Herrian. Eta instituzio publikoak 2003an baino lehenago hasi balira hilketen estatistikak egiten, emakumeen kontrako indarkeriari buruzko pertzeptzioa beste bat izango zen: sistematikoa da.
Duela hogei urte sortu zen BERRIA, eta orduan hasi ziren erakunde publikoak emakumeen hilketak zenbatzen. Urteroko zenbaketa bat zen hasieran, urtarrilaren 1ean kontagailua hutsean jartzen zuena. Horrek arazoaren dimentsioa ezkutatzen zuela ohartuta, datuak biltzen hasi zen egunkari hau, eta Hilketa matxisten mapa aurkeztu zuen 2018an. Harrezkero, hilketa bakoitza erregistratzen du egunkari honek. Hogei urteotan gertatu diren hilketa guztiak ikus litezke mapa horretan, eta estatistika batzuk ere ematen ditu. Kasu bakoitzaren informazioa ere bai.
ZENBAKIAK
1182003ko urtarrilaren 1etik 2023ko azaroaren 25era, 118 emakume hil ditu indarkeria matxistak Euskal Herrian. Ez dago lehenagoko datu estatistikorik. Instituzioak orduan hasi ziren datuak biltzen.
12Indarkeria bikario deitzen zaion horren adierazpenik krudelena dira umeen hilketak: 12 hil dituzte, 2003tik hona. Hamabi adingabe, aitek hilak, bikotekide zituzten emakumeei min egiteko asmoz. Azkena, Lizarran izan da (Nafarroa).
65Bi hilean behin hiltzen du gizon batek emakume bat, batez beste; zehazki, 65 egunean behin. Urteen artean badira gorabeherak; 2005ean hamar emakume hil zituen bortxa matxistak; 2004an eta 2010ean, zortzina. 2019an, aldiz, hiru hilketa izan ziren; aurten, lau. Gehiago edo gutxiago, baina ez da eraildako emakumerik gabeko urterik.
Datu bilketa horri esker ikusi ahal izan da Lapurdin ezohiko hilketa kopurua gertatu dela hogei urteotan: 23 emakume hil dituzte herrialde horretan bakarrik. Nafarroan ere 22 andre hil dituzte epe berean, baina Lapurdirko biztanleriaren doblea baino gehiago du herrialde horrek. Aldea sumatzeko, tasak konparatu behar dira: Lapurdin, 10.000 emakumetik 1,8 hil dituzte gizonek urteotan; Nafarroan, 10.000tik 0,6. Hiru aldiz gehiago. Araban, berriz, 10.000 emakumeko 0,9 hil dituzte; eta Bizkaian, 0,6.
Gipuzkoako estatistika deigarria da, hilketa matxista gutxien dituen herrialdea delako; 10.000 emakumetik 0,3 hil dituzte han, 2003az geroztik. Nafarroa Behereko biztanleriaren kopuru txikiak ez du fidagarri egiten tasa hori, eta Zuberoan ez da hilketa matxistarik izan epe horretan.
Hiriburuei erreparatzeak ere merezi du: Bilbon hamalau emakume hil dituzte, baina Baiona-Angelu-Miarritze hirigunean ia beste horrenbeste: hamabi; eta Gasteizen, hamar; Iruñean, berriz, sei. Aldiz, Donostian ez du emakumerik hil indarkeria matxistak. Bizkaiko Ezkerraldeko datua ere esanguratsua da: hamasei emakume hil dituzte hogei urteotan, horietatik zazpi Barakaldon.
Emakumeen hilketa matxistak 54 herritan gertatu dira. Sumatzen da kasuak pilatzen direla Bilbo aldean, Bizkaiko Ezkerraldean, eta Baiona-Angelu-Miarritzen zehazki baina Lapurdin oro har. Herriz herri:NON GERTATU DIRA HILKETAK?
Abadiñon (2), Abanton (2), Agurainen, Aiegin, Aizarnazabalen, Angelun (4), Antsoainen (2), Araian, Arangurenen, Arbonan, Arrasaten, Baionan (5), Bakion, Barakaldon (7), Bardozen, Basaurin (2), Bidarten (2), Bilbon (14), Burlatan (2), Cordovillan, Cortesen, Durangon (3), Erandion, Errenterian, Erriberrin, Etxebarrin, Gasteizen (10), Gernika-Lumon, Hendaian (3), Hernanin, Irisarrin (2), Irunen, Iruñean (6), Lantaronen, Lasarte-Orian, Laudion, Mañuetan, Mendabian, Miarritzen (3), Mungian, Murchanten, Orion, Orkoienen, Portugaleten (2), Santurtzin (3), Senperen, Sesman, Sestaon (2), Soraluzen (2), Tolosan (2), Tuteran (2), Uharten, Urruñan (2) eta Uztaritzen. Atzerrian hil dituzte hiru emakume.
Adinak ez du libratzen inor. Adingabeak, gazteak, helduak, zaharrak: denetarik dago biktimen artean. Baina emakume gehiago hil dituzte adin talde batzuetan: lautik batek 30 eta 39 urte artean zituen. Orobat, hildakoen %62k 50 urte baino gutxiago zuten, eta, beraz, esan liteke indarkeria matxistaren biktimen artean emakume gazteak zein adin ertainekoak direla gehienak. Baina ezin da bistatik galdu %18 inguruk 70 urtetik gora zutela hil zituztenean, eta, azken buruan, hamarretik lauk 50 urte baino gehiago zutela. Hortaz, indarkeria matxistak ez du bereizketarik egiten adinaren arabera.
Emakume zahar horien artetik gehienak beren semeek hil zituzten. Ez dira kasu bakanak, eta, justiziak indarkeria matxistatzat hartzen ez baditu ere, BERRIAk hilketa matxistatzat zenbatzen ditu, emakumeen kontrako indarkeria kasu horien atzean osagai patriarkalak ere badaudelako. BERRIAren datuen arabera, gutxienez hamar bat emakume hil dituzte, azken hogei urteotan, semeek edo ilobek. Ez haiek bakarrik, senarrek eta bikotekideek ere hiltzen dituzte emakumeak.
Biktimen zein hiltzaileen jatorriari buruz ere maiz espekulatzen da, baina datuek erakusten dute eraildako emakumeen %82 europarrak zirela; halaxe hiltzaileen %85 ere: europarrak. Euskal Herrian bizi ziren eta Euskal Herrian lan egiten zuten biktimen eta hiltzaileen datuak biltzen ditu BERRIAk, eta «nongoak ziren?» galderak erantzun erraza du: hiltzaileen %10 baizik ez ziren sortzez amerikarrak, eta %5 sortzez afrikarrak; eta biktimen %13 besterik ez ziren sortzez amerikarrak, eta %5, sortzez afrikarrak.
Beti ez da zehazki jakin ahal izaten hiltzaileen eta hildakoen sorlekua, eta agintariek gehienetan ez dute bereizten inplikatuak Frantzian edo Espainian sortuak ote ziren. Baina indarkeria matxista ez da atzerriko edo atzerritarren arazo bat, bistan denez, baizik eta egiturazkoa eta sistematikoa; beraz, herritar guztiena. Nolanahi ere, sorleku zehatza ezagutzen zitzaien eraildako hamar emakumetik sei gutxienez Euskal Herrian sortuak ziren; eta jatorri zehatza ezagutzen zitzaien gizonezko hiltzaileen hamarretik sei ere gutxienez Euskal Herrian sortuak ziren.
Hiltzailea etxean bertan, ohe berean, izan ohi zuten emakume gehienek, bestalde. 118 eraildakoetatik erdiak (%52) senar edo bikotekideek hil zituzten; eta laurden bat (%21), bikotekide ohiek.
Datu horiekin, ez da zaila osatzea hiltzaileen batez besteko soslaia: 40 eta 65 bat urte arteko gizon zuria, europarra, hil duen emakumearen bikotekide edo bikotekide izandakoa. Hori da soslai nagusia. Ez dira gutxi izan, hain justu, senarra edo mutil laguna uzteko asmoa zuten edo dibortziatzen hasitako emakumeen hilketak. BERRIAk zenbatutakoen arabera, egoera horretan zeuden hemeretzi emakume, gutxienez, hil zituzten bikotekideek, mendeku gisa.
Horien artean ziren, esaterako: Yvette Ustariz, Mercedes Galdeano, Sophie Housset, Audrey Male, Loredana Andriescu, Maria Puy Perez, Marie Laurence Canicas, Yasmin Zamira Rodriguez, Deisy Mendoza, Binta Keita, Amagoia Elezkano, Andina Pereira, Celine Dos Reis, Rosa Lidia de la Cruz, Maria Ana Prunar, Leire Rodriguez, Ana Belen Jimenez, Maria Jose Bejarano eta Lourdes del Hoyo.
Bere buruaz beste egiten saiatu diren hiltzaileak ere ez dira gutxi izan, eta esanguratsua da. 111 hiltzaile izan badira hogei urteotan, haietatik 42 saiatu ziren suizidatzen, emakumea hil ondoren. Heren bat baino gehiago dira; eta haietatik 31 hil ziren. Hilketa burutu ondoren ihes egiten edo hilketa ezkutatzen ahalegindu dira beste gizonezko batzuk, eta horiek ere ez dira gutxi: 27; laurdena, alegia. Hamarretik sei dira, beraz, hilketa beren gain hartu nahi izan ez dutenak. Aldiz, hamarretik lauk bere burua entregatu dute komisarietan.
%37,5Hamar hiltzailetik lauk (%37,5) beren buruaz beste egin zuten, edo horretan ahalegindu ziren, edo beren buruak zauritu zituzten. 111 hiltzaileetatik 42 izan ziren, eta horietatik 31 hil egin ziren. Hamar hiltzailetik bi baino gehiago (%24) ihesi joan ziren, baina poliziek atxiki zituzten azkenean. Hamarretik beste lauk beren buruak entregatu zizkieten poliziei.
Feminizidioak bazter ohar bat ziren egunkarietan duela hogei urte, eta orain, berriz, auzi nagusietako bat dira gizartearentzat. Zerbait aldatu da. Baina, hala ere, oroimen kolektiboan nekez gordetzen dira emakume haien izenak eta gertakariak. Azken hogei urteotan, Nagore Laffageren hilketak aldaketa bat eragin zuen, seguru asko; eten bat. Bortxa matxista beste era batera aztertzen eta epaitzen hasi da harrez geroztik. Hiltzailea eta hildakoa ezagutzen ez zirenez ez baitzen indarkeria matxistatzat hartu auzitegietan.
Tarteka, harrabotsa sortu dute auzi batzuek. Aurten bertan, esaterako, Maialen Mazonen hilketak eztabaida handia sortu du: urruntzeko agindua zuen gizonak hil zuen, nahiz eta ertzainek jakin bazekiten bikoteak harremana zuela eta beraz gizonak agindu hori urratzen zuela. Baina hori ere ez da berria. Babes neurriek huts egin izan dute lehenago ere, eta ez behin. Endurance Orisewenhinmi, Ofelia Hernandez, Ana Isabel Madariaga, Asun Villalba, Izaskun Jimenez, Amelia Amaya, Cristina Estebanez, Rosario Roman, Celine Dos Reis, Nathalie Van Put, Maguette Mbeugou, Yolanda Jaen, Begoña Bohoyo... Asko izan dira bikotekideak edo bikotekide ohiak salatu ostean hildako emakumeak. Esanguratsua izan zen Mbegouren auzia, Juan Luis Ibarra EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente ohiak berak ere barkamena eskatu zuelako, Justiziak «porrot» egin zuela aitortuta. Mbegouk babesa eskatu zuen gizonak hil baino bederatzi hilabete lehenago, alferrik.
%35Eraildako emakumeen heren bat inguruk jarriak zituzten hilko zituzten gizonen kontrako salaketak, edo noizbait salatu zituzten, edo haien inguruko jendeak bazekien emakume horiek tratu txarra jasotzen zutela. Beste bi herenei buruz, ordea, ez zegoen halakoen zantzurik.
Zerrenda horretako emakumeek tratu txarren historia luzea zuten gehienek, eta salaketak aurkeztu izan zituzten. Beste batzuek ez zuten inoiz salaketarik jarri senarren edo bikotekide ohien aurka, baina etxean hil zituzten bikotekideek: Maria Vicenta Lopez, Dora Angulo, Argelis Romero, Pilar Sampereo, Flor Maria Camacho, Estibaliz Angulo, Clara Rangel, Kristine Bosque, Caridad Rodriguez, Axelle Forgeron, Blanca Marques, Noelia Noemi Godoy, Natalya Balyuk, Conchi Gonzalez, Erika Tavares...
Horiek guztiak, eta izenez aipatu gabeak, eta hil ez dituzten arren noizbait bortxa klaseren bat jasan duten andreak, eta oraindik jasaten dutenak, hartu zituzten gogoan atzoko ekitaldietan.
Eguneraketak datu basean
BERRIAk eguneratu egin du Hilketa matxisten mapa. Bi kasutan, epaiketetan ez zen frogatutzat jo gizonak emakumea hil zuenik. Eta Sophia Loescheren hilketa kendu egin du datu basetik, ez baitzen euskal herritarra, eta hilketa ez baitzen Euskal Herrian gertatu.