Joan den urriaren 17an Donostiako Bakearen etxean egin zen Nazioarteko Konferentziaren baitan nazioarteko izen handiko ordezkariek plazaratutako Aieteko adierazpenak 12.183 herritarren babesa jaso du. Lokarri gizarte sareak iragan apirilean abiatu zuen sinadura bilketaren emaitza da herritarren babes hori.
Lokarrik, hain zuzen, Aieteko adierazpena ezagutarazteko eta babesak jasotzeko abiatu zuen kanpaina, eta hiru hilabeteotan jaso duten sostenguarekin arrakastatsutzat jo dute emaitza.
«Emaitzak balio soziopolitiko handia dauka, herritarren desio integratzaile baten adierazpena baita: bakea sendotzearen eta elkarbizitza eraikitzearen aldeko adierazpena», azaldu du gizarte sareak. «Emaitza hauek, gainera, erakusten dute masa kritikohandi bat dagoela bake prozesuak aurrera egin dezan esku hartu eta lan egiteko prest dagoena», gaineratu du. Konpromiso hori, Lokarriren ustez, «bultzada handia da», egun ireki diren «aukera handiei» batzen zaiena.
Hemendik aurrera, Lokarriren asmoa da erakunde eta alderdi politiko guztiei ekimen horren emaitzaren berri ematea, eta «gatazkaren ondorioei, gizarte adiskidetzeari eta elkarrizketa politikoari adorez, erabakimenez eta eskuzabaltasunez aurre egiteko esfortzuak biderkatzera» dei egingo die.
Aieteko Nazioarteko Konferentzian parte hartu zuten nazioarteko pertsonalitate eta erakundeei ere emango die kanpainaren emaitzen berri, eta «euskal gizarteak aurrean duen erronka handi honetan laguntzeko azaldu duten prestasunari eusteko» eskatuko die.
12.000 lagunek babestu dute Aieteko adierazpena
Lokarrik abiatutako kanpainaren emaitza da; aurrerantzean babes horren berri emango die eragileei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu