Forondako aireportuko langileen %87 inguru kaleratzeko asmoa du AENA Espainiako Aireportuak eta Aireko Nabigazioak. 140 lanpostu ditu orain Arabako aireportuak, eta 122 langile kaleratzeko asmoa du AENAk. Espainiako Gobernuak duela bi aste jakinarazi zuen aireportuaren ordutegia murriztu egingo duela: astelehenetik ostiralera bakarrik eta gauez, 20:30etik 08:30era, egongo da zabalik. Orain artean egunero eta 24 orduz lan egin izan du. Lanpostuak kentzea ordutegien murrizketari lotua dagoela adierazi du UGT sindikatuak, eta 122 langile horiek lanik gabe utziz gero Forondako aireportua ixteko bidean jarriko dutela ohartarazi du.
Langileak hasi dira dagoeneko protestan. Atzo Arabako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean egin zuten elkarretaratzea. Diputazioko eta Gasteizko Udaleko langile batzuek, eta aireportuan zamalanak egiten dituzten behargin batzuek ere bat egin zuten. Aireportuko langile komitea greba egiteko aukerak aztertzen ari da, gainera. Aireportuan bertan 140 langile aritzen dira lanean, baina hari lotutako lanpostuak dituzte beste 600 bat beharginek —gehienak Forondan lan egiten duten zamalanetako enpresentzat aritzen dira—. Haien lanpostuak ere arriskuan daude, sindikatuen esanetan, eta protestekin bat egiteko eskatu diete horregatik.
Espainiako Gobernuak aireportuaren ordutegia mugatuko zuela jakin zenerako, langileek susmoa zuten lanpostuak murriztuko zituztela. Herenegun, 102 langile kaleratuko zituztela iragarri zuen UGTk; murrizketak egia izango direla baieztatu zuen, atzo, AENAk. Azkenean, langileek uste zutena baino hogei postu gehiago galduko dira.
Kolpe gogorra izan da langileentzat. Forondak ez du apenas bidaiaririk, eta salgaien garraiorako erabiltzen dute, enpresek batik bat. Zaragozan (Espainia) salgaien garraioan espezializaturiko beste aireportu bat badela, eta Gasteizko aireportuaren trafiko gehiena hark hartuko duela uste dute sindikatuek. UGT sindikatuko ordezkariek esan dute Zaragozako aireportua bisitatu dutela orain berri, eta zama astuneko hegazkinak hartzeko egokitze lanak egiten ari dela. Gauez bakarrik lan egiten badu, Forondak ez du aukerarik izango beste aireportuekin lehiatzeko, haien esanetan. Eta Zaragozako aireportuak Gasteizko salgaien trafikoa irentsiko duela erantsi dute.
Oposizio guztia bat eginda
Herenegun bat egin zuten Arabako Biltzar Nagusietan ordezkaritza duten oposizioko alderdi politiko guztiek. PSE-EEk, Bilduk, EAJk eta Ezker Batuak eskaera jakin bat egin zioten aldundiari: Eusko Jaurlaritzak eta diputazioak aireportua sustatzeko erabiltzen duten diru guztia baliatzeko, Forondak egunero 24 orduz irekita jarrai dezan. Aralarrek ere eskaera bera egin du, ohar baten bidez: aireportuari egun osoz lanean eusteko neurriak hartzeko.
Javier de Andres ahaldun nagusiak herenegun erantzun zien oposizioaren eskaerei. Gasteizko aireportuaren arazoa ez da ordu gutxiagoz irekitzea, haren ustez, baizik eta bidaiari kopuru txikia hartzea. Loiuko aireportua ere (Bizkaia) ez dela 24 orduz zabaltzen gogorarazi du. Bere garaian, Eusko Jaurlaritza EAJk eta PSE-EEk gobernatzen zutenean, Loiuren aldeko apustu estrategikoa egin zela, eta Forondari kalte horrek egin ziola erantsi du.
Sindikatuetako ordezkariek diputazioari esan diote bakarrik sentitzen direla. Haien ustez, PPk du aireportuaren gainbeheraren errua. Forondako zuzendari Begoña Llarenari ere aritu zaizkio sindikatuak, eta bere aireportuko langileen alde ez duela ezer egin aurpegiratu diote: «Desagertu egin da».
AENAk murrizketak egingo ditu Espainiako eta Herrialde Katalanetako hemezortzi aireportutan ere. Ordutegiak murriztu eta 200 bat lanpostu gutxituko ditu horietan. Egunotan ari dira sindikatuekin biltzen, murrizketei buruz hitz egiteko.
122 langile kaleratuz gero Foronda itxi egingo dela ohartarazi dute langileek
Gasteizko aireportuko beharginak protestan hasi dira, lanpostuen %87 inguru kentzeko asmoa duelako AENAk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu