Al Kaeda erakundearekin zerikusia dutela leporatuta, Bilbon hamahiru lagun atxilotu ditu bart Espainiako Poliziak. Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak atxilotuak gaizkile arruntak direla adierazi du eta gaizkile horiek lapurreta, droga trafiko eta txartelen faltsifikazioaren bitartez Al Kaeda finantzatzen zuten ikertzen ari da Polizia. Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu du operazioa.
Bilboko hainbat auzotan egin dituzte atxiloketak, eta hamahiru lagun haietako bat adingabea da. Guztiak gizonezkoak dira, jatorriz Irakekoak eta Aljeriakoak, eta, epailearen arabera, Al Kaedako talde bat osatzen zuten.
00:30ean hasi du operazioa Poliziak eta 6:30ean bukatu, San Frantzisko kalean. Lanean ari zen ertzain batek ere hartu du parte: ihesean zihoan Al Kaedako ustezko kide bat harrapatzea lortu du, ikerketako iturriek diotenez.
Poliziak hainbat etxe miatu ditu hirian. Aljeriara dirua bidaltzeko erreziboak, 7.500 euro, hamalau telefono mugikor, SIM txartelak, eskuko ordenagailuak, CD eta DVDak eta memoria eramangarriak atzeman dituzte horietan.