Bilboko Udalak jakinarazi duenez, uztailaren 1etik urtea amaitu bitarte, 14 urtera arteko haurrek doan bidaiatu ahal izango dute Bilbobusen eta Artxandako funikularrean. Era berean, 26 urtetik beherakoentzat %50eko hobaria izango da aurrerantzean ere, eta gainerakoei %40koa ezarriko zaie.
Urte hasieratik, 12 urtetik beherakoentzat doakoa zen zerbitzu hori, eta orain erabaki dute adin tartea zabaltzea datorren asteartetik aurrera, Espainiako Gobernuak garraio publikorako hobarien inguruan hartutako azken erabakiak direla medio. Horretarako, Barik txartel pertsonalizatu bat izan beharko dute; hori eskatzen zitzaien orain arte 12 urtetik beherakoei ere. Gainerako herritarrentzat %50eko hobaria zegoen ezarria orain arte, baina hori murriztu egingo da 26 urtetik gorakoentzat: %40ra.
Hala, Bilboko Udalak bat egin du EAEko Garraio Agintaritzak martxoan iragarri zituen neurriekin. Orduko hartan ere, zehaztu zen hobari horien onuradunak Barik, Mugi eta Bat bidaia anitzeko abonuen eta txartelen erabiltzaileak izango direla.
Izatez, 2022ko irailean onartu zituen lehen aldiz Espainiako Gobernuak garraio publikoko erabiltzaileen diru laguntzak areagotzeko neurriak. Ordutik, urtez urte luzatuz joan dira hobariak, eta urtarrilaren amaieran Madrilek berretsi zuen horiekin aurrera segitzeko asmoa zuela. Horretarako, hobarien kostuaren %20 bere gain hartuko zuela iragarri zuen. Eusko Jaurlaritzak eta kasu honetan Bilboko Udalak beste horrenbeste hartuko dute euren gain.
Nafarroan ere eman dute pauso hori. Iruñerriko Mankomunitateak otsailean onartu zuen ordenantza berria, Espainiako Garraio Ministerioak iragarritako laguntzak aplikatzeko eta tarifa berriak ezartzeko. Bertan ere, 14 urtera arteko haurrek billabesetan ez ordaintzea erabaki zen. Nolanahi ere, %50eko hobariari eutsi diote 30 urtera artekoentzat.