Frantziako Gobernuaren asmoak betetzen badira, 15 urtetik beherako haurrek laster ez dute sare sozialak erabiltzeko baimenik izanen. Frantziako Asanbleak ontzat eman du debekua ezartzea proposatu duen lege proiektua, eta Senatuan eztabaidatu beharko dute orain. Prozedura azkarra aplikatu nahi dio Parisek, lehenbailehen indarrean sar dadin. Heldu den irailerako sare sozialetako kontu bat irekitzea galarazi nahi diete txikienei, eta 2027. urte hasierarako erabiltzaile guzien adina egiaztatzeko sistema eraginkor bat martxan jartzea da helburua.
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak bultzatuta, astelehen gauean aztertu zuten neurria Frantziako Asanblean. Bi helburu ditu: haurrak eta nerabeak «pantailetatik babestea», eta, bereziki, sarean diren «eduki kaltegarri batzuetatik». Sare sozialetako sarbidea debekatzeko ez ezik, ikastetxean sakelako telefonoak erabiltzeko debekua ere sartu dute lege proposamenean.
«Gure haurren burumuina ez dago salgai, ezta menperagai ere», adierazi du Anne Le Henanffek, adimen artifizialaren eta arlo digitalaren ardura duen ministroak, Frantziako Asanblearen aitzinean. Haren hitzetan, «zinezko urgentzia da nerabeen osasun mentala zaintzea».
Horrez gain, legeak eragingo dien haurrei ere mintzatu zaie Le Henanff: «Lege hau ez da zuen kontrako debeku neurri autoritario bat. Helburua ez da zuen oinarrizko eskubideak urratzea. Alderantziz: zuek defendatzeko eta babesteko dago hor», erran du. «Beharbada ez duzue beti horren kontzientziarik, baina pantailetatik kanpo, mundu birtual horretatik kanpo, aukera anitz dago, ezagutzeko gauza andana, bizitzeko esperientziak; besteekiko, gizakiekiko harreman errealetan. Hitz batez, lege honek zuen askatasuna itzuliko dizue».
Lege proiektuak aldeko 130 boto, kontrako 21 eta 6 abstentzio izan ditu. Frantzia Intsumisoko diputatuak dira nagusiki neurriaren kontra agertu direnak. Frantzia aitzin, Australiak ere hartu zuen gisa bereko neurri bat orain dela zenbait hilabete.
Europako Batzordearen esku
Frantziako Asanblean izandako eztabaidetan, behin baino gehiagotan jarri dute zalantzan halako neurri baten legezkotasuna. Gaur egindako adierazpenetan, Thomas Regnier Europako Batzordeko bozeramaileak erran du Frantziako agintariek eskubidea dutela «herritarrei» aplikatuko litzaiekeen heldutasun digital bat ezartzeko. «Sareetako plataformak behartuak dira lege nazionalak betetzera. Baina halako neurri bat aplikagarria dela egiaztatzea eta plataformek adina egiaztatzeko tresna egokiak jarri dituztela behatzea Europako Batzordearen ahalmen berezia da».
Regnierek erran du Frantziak halako lege bat onartuko balu eta Europako legearekin «bateragarria» izanen balitz Batzordeak segurtatuko lukeela plataformek behar bezala betetzen dutela. Oroitarazi du Europako herrialde bat baino gehiago —tartean Frantzia— adina egiaztatzeko aplikazio bat probatzen ari direla azkenaldian.
Ikastetxeetako esperientziak
Azken urteetan indar handia hartu du gazteenek pantailen aitzinean pasatzen duten denborari buruzko kezkak. Ama eskolan eta kolegioan sakelakoak erabiltzea debekatu zuen Frantziako Gobernuak iazko ikasturte hasieran. Aitzitik, esperientzia bat baino gehiago egin izan dituzte hainbat ikastetxetan. 2024an Ipar Euskal Herriko 16 ikastetxek parte hartu zuten hamar egunez pantailarik ez erabiltzeko egitasmoan.
Azken urteetan kontsumoak anitz aldatu direla adierazi zuen orduan Eneko Jorajuria irakasleak, Urruñako (Lapurdi) San Frantzisko Xabierkoa ikastetxean egitasmoa bultzatu zuenak: «Hasi ginelarik, nehork ez zuen oraino Netflix konturik, eta Tiktok aplikazioa ez zen oraino. Ez da egoera bera. Lehen baino gehiago erabiltzen ditugu pantailak, orokorki, gizartean. Gainera, konfinamendua izan da, eta horrekin erabilpen berriak eta erabilpen handiagoa etorri dira».
Lege proiektuak aitzina egiten badu, orain arte esperientzia gisa abiatutakoa zinezko debeku bilakatuko da.