15.000 sinadura bildu dituzte Arabako parke eolikoen aurka

Arabako Mendiak Aske plataformaren arabera, herritarren babesa jaso ostean, «ezinbestekoa» da azpiegiturak gelditzea. Haien arabera, proiektuek energia berriztagarrien abantailak «baliogabetzen» dituzte.

Elgeako (Araba) parke eolikoa, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko maiatzaren 4a
16:10
Entzun

Arabako Mendiak Aske plataformak lurralde horretan eraiki nahi diren hiru proiektu eolikoen aurkako kanpaina bat abiatu zuen orain hilabete, eta, ohartarazi duenez, 15.000 sinadura bildu dituzte. Haien arabera, halako proiektuek mendien industrializazioa dakarte, eta hori «onartezina» da. Jasotako babesaren ostean, ordea, uste dute aldaketarako urratsak egin behar direla: «Ezinbestekoa da berdeguneetan halako azpiegitura grisak baztertzea, eremu natural horiek bizirik irautea beharrezkoa baita lurraldeko bizitzari eusteko, eta hala adierazi du gizarteak».  

Proiektu eolikoen eztabaida nagusi izan da azken hilabeteotan. Jaurlaritzaren menpeko EEE Energiaren Euskal Erakundeak Aixeindar sortu zuen Iberdrolarekin batera, eta Araban eraiki nahi dituzten lau parke eolikoren berri eman zuten. Iturrietako, Armakoko eta Labrazako proiektuak dagoeneko BOEn argitaratuta daude apirilaz geroztik, eta alegazioak egiteko tartea zabalik egon da azken hilabete honetan. Arabako Mendiak Aske plataformak ez ezik, Ahal Dugu-k ere 97 alegazio aurkeztu zituen joan den astean hiru proiektu horien aurka. Horrez gain, Azazetan ere parke eoliko bat ezarri nahi dute, eta Arlabanen haize neurtzaile bat jarri nahi dute, eremu horretan parke bat egiteko aukera aztertzeko.

Plataformako kideek, ordea, azpimarratu dute energia eolikoa sortzeko aurkezten ari diren proiektuen ereduek «baliogabetu» egiten dituztela energia berriztagarrien abantailak, eta, era berean, salatu dute Araban gero eta kokapen gehiago proposatu dituztela parkeak egiteko. Halere, gogorarazi dute orain hamabi urte leku horiek babesteko «adostasuna» lortu zutela instituzioek, eta, beraz, proiektuak geldiarazteko eskatu dute. Are, erantsi dute Azazetako proiektuaren aurkako herri alegazioen sinadurarekin jarraituko dutela. «Lurraldeko biztanleak natura ondarea defendatzeko lanean jarraitzera animatzen ditugu».

Espainiako Gobernuak Araban duen azpiordezkaritzan entregatuko dituzte sinadurak ostegunean, Gasteizen, eta elkarretaratze bat ere egingo dute, 11:30ean.

Bizkaian eta Gipuzkoan ere

Araban ez ezik, Bizkaian eta Gipuzkoan ere parke eolikoak ezar daitezkeen aztertzen ari da Eusko Jaurlaritza, Arantxa Tapia Ekonomia Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburuak ohartarazi duenez. Haren arabera, Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektorialak baldintzatzen du proiektu horien kokapena, besteak beste bertan zehazten delako leku bakoitzeko haizearen ezaugarriek zer gaitasun duten elektrizitatea sortzeko. Horrez gainera, erantsi du Araban parkeak sortzeko beste kokapen batzuk ere aztertzen dabiltzala, eta ingurumen eraginaren txostenak egin dituztela. Helburua da 2030eko kontsumituko den energiaren %74 berriztagarriek sortutakoa izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.