16 urte beharko dira ezkontzeko

Legea aldatu dute Espainiako Kongresuan, eta 14 urtetik 16ra igo du muga.Iparraldean gorago dago gutxienekoa: 18 urte behar dira

Garikoitz Goikoetxea.
2015eko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Sexu harremanak izatea onartzeko gutxieneko adinaren parean egongo da ezkontzekoa: 16 urte beharko dira. Espainiako Kongresuak atzo onartu zuen legea aldatzea. Kopuruei erreparatuta, eragin handirik ez du izango aldaketak Hego Euskal Herrian: 16 urte baino gutxiagorekin ez da inor ezkondu 2009tik. Ipar Euskal Herrian gorago dago muga: 18 urte eduki behar dira ezkontzeko.

Kontrakotasun argi bat egon da legean azken hilabeteetan. Sexu harremanak izatea onartzeko gutxieneko adina 16 urtera igotzea erabaki zuten PPk eta UPNk, zigor kodea aldatuta —13 urtean zegoen lehen—. Ezkontzeko, berriz, aski zen 14 urte izatea. Borondatezko Jurisdikzioaren Legeari zuzenketa bat jarri zion PPk, eta atzo onartu zuen Kongresuak. Senatura igaroko da orain, eta Kongresuak onartuko du azkenik. Ziurra da ibilbidea, PPk gehiengoa baitu.

Ezkontzeko adina igotzeko eskatua zioten nazioarteko hainbat erakundek Espainiari. NBE Nazio Batuen Erakundeak, esaterako, urterik urte gomendatu dio Espainiari gutxienez 15 urtean jartzeko muga. Inguruko herrialdeei erreparatuta, izan ere, adin muga baxuena Espainiak du —Europan, Vatikanoan dute mugarik apalena: 12 urtekoa—. Herrialde gehienetan, 18 urte izan behar dira, nahiz eta kasu batzuetan onartzen duten lehenago ezkontzea—epailearen baimenarekin, adibidez—. Frantziak 2005ean aldatu zuen araua: 18 urtean jarri zuen muga —15 urte behar ziren lehen—.

Ezkontza erlijiosoak

Ia inor ez da ezkontzen Hego Euskal Herrian 16 urte baino gutxiagorekin. INE Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, 2009tik ez da izan horrelako ezkontzarik —urte hartan lau gaztetxo ezkondu ziren 15 urterekin edo gutxiagorekin; guztiak neskak ziren—. Muga 18 urtean ezartzeak izango luke eragin handixeagoa, baina ez handia: 2009an, esaterako, bederatzi lagun ezkondu ziren adingabe —denak emakumeak—. Beherakada argia da: 1980an 518 adingabe ezkondu ziren Hegoaldean.

Ezkontzei buruzko beste arau batzuk ere aldatu dituzte. Besteak beste, notarioen bidez egin ahalko dira banaketak eta dibortzioak, bikotea ados bada. Bestalde, baliozkotzat jotzen ez zituzten ezkontza erlijioso batzuk legezkotzat joko dituzte: ortodoxoenak, mormoienak, budistenak eta Jehovaren lekukoenak, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.